miércoles, 14 de diciembre de 2011

EGUBERRITAN

AMATXI BERE BAITAN

Goizeko lehen kafearekin buruz  hasiko naiz afaria antolatzen. Familia osoa etorriko zait eta dena ongi egon dadin. Salda on bat eginen dut, etortzen diren ahala katilu bat eskain diezaiedan. Badakit oso ongi, oraingo gazteek nola esker dezaketen katilukada salda bat, barrenak berotzen dizkietelako eta berokiak kentzen ahal dituztelako.

Konpota egiteko zurituko ditut sagarrak, errege-sagarrak izan behar dute, egosterakoan apur ez daitezen, sagarra apurtuz gero ez luke graziarik izanen konpotak.  Piko idorrak,  muxika ximelak baso pare bat ardo eta azukrea erantsiko diot.

Hozkailuan edariak sartuko ditut, hiruzpalau botila paratuko ditut ba ez bada ere, egundaino ez dut jakiten zenbat edan dezaketen gaurko gazteek, ilusio guztiarekin eskaintzen diozu kopatxo bat, eta _Ez amatxi nik ez dut edaten_ erantzun diezazuke eta txoro bat bezala gelditzen zara.

Mahia polita paratuko dut. Gan den urtean paratu nuen mantela bera erabiliz. _Eskerrak ez dududan maiz erabiltzen!_ bertzela lisatzeko _ze lana!_ Harizko oihalak politak direla?_ Ba, izaten ahal dira, ematen duen lanak...

Platerak, ez ditut denentzako  berdinak. Baina munduan anitz ibili den alabak erran dit, orain plater desberdinek mahian halako gustu oneko puntto bat ematen duela. Ba, hala bada hala bedi, badira noiz behin ongi datozkigun modak. Aldiz edalontziak ez dira nonbait moda horretan sartzen. Ba, aurten desberdinak erabiliko beharko ditugu,  ezpaitut denentzako berdinik.

Txuretabeltzai    atzo egin nuen, hobe baita   bezperan egitea, goxa dadin. Badu bere lana txurietabeltzak. Bildots erraik garbitzen denbora eman nuen. Hesteak itzuli, ur gatzatuan garbitu, odola gatzatu, hankak galdarraztatu eta larrutu, muinak atera, osagai guziak banaka sukaldatu, frijitu eta eltzean tomate, piperminekin eta erramu hosto batekin goxo-goxo egosi nituen.     

Natillak egiteko, esne eta arrautza onak erosi ditut. Gorringoa eta esnea kanela eta azukrearekin ongi nahasi eta egosi ondoren ontzi polit batera isuri eta arrautza zuringoa elurretan gainean paratuko diot. Gero freskoan ahal baldin ba da altxatu eginen dut, bertxenaz, haurrak sukaldean sartzen diren aldiro hatza bertan sar dezaketelako.

Urtero bezala seme alabak etorrik zaizkit ilunabarrean  umeak uztera, gaten bai dira tabernaz taberna ardo  batzuk hartzera. Eta zerbait asmatu beharko dut haurrak entretenitzeko.
Ganden urtekoa mundiala izan zen. Ongi oroitzen naiz Anastasio urez blai sartu zenean sukaldean
 _Kauen…Kauen sos…ardi guziak izutu eta sakabanatu dira, erdiak baino gehiago erroiztu ez badira…
_Gizona, gizona zertan ari zara… jarraitu nion txantxa.
_Zertan ari naizen?_ jarraitu zuen  mutur beltz gizonak._ Hor dabil asto gainean gizon tzar bat, pipa ezpainetan, alimaliako boneta buruan, kristoren zakua bizkarrean , botila ardoa zurrupaka.  bertze hiru asto kaskezurreraino zakuz beteak bereari lotuak…  Oihuka astoak lohietik   ezin atra, ardiak izutu ditu eta orain zer…   
Baina gizona, Olentzero izanen da… irria irentsiz erantzun nion.
_Olentzero? Hori Olentzero bada ni apaiz. Euskaldun berri zoro bat bertzerik ez da  hori, hasi zait zerbait galdetu nahian, niezazkiokeen, gintuzkete, eta horrelakoak erraten, pikotara bidali dut. Manex astapitoa… _marmarka su ondoan eseri zen.
_ Ederra egin duzu, orain gure haur gaizoak oparirik gabe geldituko dira_ erantzun nion aurpegi luze.
Haurrak, izkina batean harrituta, izutuak aitetxiri beha gelditu ziren. Aitetxik ez zuen behin  ere gezurrik erraten, eta sinetsi, sinetsi ez dakit egin zuten baina denbora leihotik begira eman zuten.

Betiko zalantza, Hor dago  Anastasio bildotsa kerrenean lagatzean noiz xilintxatu jakin gabe._ Ez baitakigu ze ordutan etorriko diren afaltzera?_ Goiz hasiz gero erretzen, pasatu egiten da, eta berandu xilintxatzen bada gordina egonen da. Senarrak niri beha, urduri jartzen nau. _Aizu! Ni ez naiz sorgina, ezin dut asmatu ze ordutan etorriko diren afaltzera_. Bota diot.

 Alabak Jangela propiki apaindu du. Zernahi gorosti- adar eta kandela  paratu ditu eta giro onean mahian eseri gara. Errana da ogirik hoberena gosea dela, ez dakit gosea  den ala jatekoa den ona, baina apetitu ederrean ari gara denak. Salda eta txuri eta beltzaz bertze egin ondoren bildotsa entsaladarekin jarri dut mahian, aitetxik zatitzen du beti errea eta giltzurrinak nagusiarentzat direla erraten du. Hortaz bere platerera eramaten ditu. Gero zatitxo bat niri eskaini dit, aurten semearen andre berriari ere eman dio.

Afal ondoan, sura hurbildu gara, sorginak urte osorako uxatu behar ditugu. Errito honen protagonistak haurrak dira. Gatz larria botatzen dute sura, gatza txinpartaka erretzen da suan eta honek sorginak uxatzen ditu. Egia ala gezurra, batek daki, baina gure etxe bazterrean ez dugu sorginik ikusten.

Hara! Hara! Gure Olentzero, etorri da, Olentzeroren astoa arrantzaka ari da. Haurrak korrika atarira gan dira eta iloba zaharrenak ikusi ere egin du Olentzero zakua bizkarrena lasterka alde egiten. Eta ez hori bakarrik, presaka pipa galdu egin du. Hantxe daude opariak eta denen izenekin gainera. Arratseko hamaikak bertzerik ez dira, jakina da, Olentzerok baserriak egiten dituela lehenik, gero hirietan patxada ederrean kalez kale ibiltzeko.                 

 

  
     
                                   

        



2 comentarios:

Anónimo dijo...

! Bai polita Eguberriko kontu edo egitezko narrazioa!
Ikusten dizut zure etxe politan dena prestatzen ilusio handiarekin .

Goraintziak eman zure seme alabari, suin et erraina ri eta zure irun bilobiei

Ikusi arte Lola. Joxepa Hondarribitik

Olentzero joan zaigu, mendira lanera..............

lola sarratea dijo...

Eskemila, joxepa aspaldiko! Egunok ailatzen direnean gan diren garaiak amesten ditut, batez ere ezgaudelako denak etxean, baina berriak sortzen ari dira eta horrek laguntzen du. Gabom Gaba beti anitz ospatu dugu etxean, eta, batez ere aitetxi bibzi zenean ederra izaten zen, inork ez baitdaki harek bezala bildotsa erretzen.
Urte berri, berri
Zer dakartzu berri!
Bakea eta osasuna
Urtetx! Urtex!