viernes, 9 de julio de 2010

A RAPA DAS BESTAS

A RAPA DAS BESTAS
Uztailaren lehendabiziko astean Sabucedon, Pontevedran, mendietan bizi diren zaldi basak bildu eta kimak mozten dizkiete. Espektakulo handia da; erronka errituala da, David eta Goliathen moduan, indarrak neurtzen dituzte.
Zaldiak areto hertsi batean sartu eta banan-banan harrapatu eta kimatzen dituzte. Neska edo mutil gazte bat salto batez zaldiaren gainean paratzen da; bertze batek muturra besarkatuz, begiak estaltzen dizkio; hirugarren batek buztanetik heldu eta animalia ibilgetu ondoren, kimak moztu eta zorriak garbitzen dizkio.
XVIen gizaldian izurrite batek bailara ikaratu zuen eta emakume batzuek bi zaldi eskaini zizkioten San Lorenzori izurria buka zezan eskatuz. Zaldiak elizara eraman eta apaizak ez zekien animaliekin zer egin. Hortaz, mendira igorri zituen. Izurritea bukatu zen eta zaldiz bete ziren mendi komunalak. Zaldiak ere, anitz errespetatuak, komunalak bihurtu ziren.
Multzoka bizi dira zaldiak basoan, “maraion” deitzen dioten ar baten agindupean. Moxalak otsoen gustukoak dira eta zaldi taldea adi egoten da sortu berria zaintzen. Harraparia agertzerakoan, zirkulo bat egiten dute umearen inguruan, burua barneko aldera eta ipurdia kanpora, otsoa ostikoka kausitu arte.
Animaliak kimatu eta zenbatu ondoren, zaldikoak burdinaz markatu eta denak mendira laxatzen dituzte. Hurrengo urtean errepikatuko da erritoa, gizaldiz gizaldi egin den moduan, Guda garaian gizonezkorik ez zegoen bailaran, emakumeak bai ordea, eta hauek egin zuten lana.
Eskertzekoa da globalizazioak kutsatu gabeko ekintza batekin topatzea. Hamar bat mila pertsona biltzen dira urtero ekitaldi hau ospatzera eta ez da iragarki komertzial bat ere ikusten. Dozena erdi bat ostatu olagarro eta arto ogia, bertako ardoa eta gutxi gehiago asfaltatu gabeko inguruan. Benetan estimatzekoa da.

No hay comentarios: