viernes, 23 de octubre de 2009

Axular, Leon Aranibar eta Maria Ximeldegi.


AXULAR, LEON ARANIBAR
ETA MARIA XIMILDEGI.

AXULAR

Pedro Dagerre Azpilikueta Axular etxean sortu zen, Urdazubin, 1556. urtean. Urdazubi sumendi baten ohatzean kokatua lats anitz isurtzen dira Uregana ibaia osatuz. Bertan XI. mendean Belateko bideari jarraitzen zioten beilarien ospitale-monasterioa eraikin zuten. Fraideek ekarri zituzten eraikinak, zubiak, errotak eta burdinolak eraikitzeko teknikak.

1566. urte arte Nafarroa eta Gipuzkoako lurraldeek Baionako artzapezpikutegi pean zeuden eta Irunekora pasa ziren. Orduan, Urdazubiko monasterioa bi lurralde artean kokaturik aske gelditu zen. Fraideek dignitate osoa zeukaten, eta Urdazubi eta Zugarramurdiko lurraldeen jabe ziren eta Nafarroako gorteetan eserlekua zeukan prioreak. Bertako jendea monasterioren jopu zen. Kontuan hartu behar da garaia, lurralde gehienak jauntxoen edo elizaren jabegoan baitzeuden.

Axular baserria, bailara osoa bezala, monasterioarena zen Pedro Dagerre sortu zenean. Aita olagizona zen eta, dirudienez, aberatsa. Dakigunez Salamancara ikasketa gorenak egitera igorri zuen semea eta orduko “bachiller” zen eta latina zekien. Axular bere aitaren etxearen izena zen, eta berea egin zuen. Gizon azkarra eta hiztun bikaina zen. Salamankan deabruen kobazuloan ikasia zela dio kondairak. Nola nahi ere itzal handiko gizona, garaian Euskal Herriko intelektual handiena izan zen eta euskaraz garatu zituen bere erudizio eta jakituria. Gero maisulan klasiko bat da Euskal literaturan, aszetika-liburua da, prosa ederrean eramana. Erran daiteke euskal prosaren sortzaile dela.

Axular 88 urterekin hil zen, eta urte bat lehenago argitaratu zen Gero, bere lan bakarra.
Nolabait sinesgaitza egiten da Gero bezalako lan batean, arimaren bekatu eta bizio txar guztien gain hitz egiten den lan honetan, sorgintzaren aipamenik ez egitea. 1609. urtean Pierre Lancrek, erregearen baimenarekin, Ipar Euskal Herria astindu zuen 600 hildako utziz. Hegoaldean berriz, Leon Aranibar Urdazubiko priorearen laguntzarekin 1609. urtean Espainiako inkisizioak Logroñoko bidean paratu zituen hainbat sorgin. Hau dena hasi zenean Axularrek 53 urte zeuzkan, gizonaren unerik onenean zegoen, apaiza zen eta gizartearen egoeraren jakinaren gainean. Sorginkeriaren prozesuan ez da Axular aipatzen. Ez dakigu zein zen bere ikuspegia gai honen inguruan, baina badakigu Bertrand Etxauz apezpikuaren “zerbitzari ttipiena, eta obligatuena” zela uste zuela.” Komendazio kartan” Etxauzen lana goraipatzen du. Batez ere elizatik kanpo bizi ziren haiek elizan ez lurperatzeko dekretuak galdera bat iradoki dit. _Zenbat sorginei zetxekien dekretuak? Salazar Friasen txostenean irakurri daiteke “Ez zegoen sorginik ez eta sorginkeriarik ere sorginen gain idazten hasi bitarte.” Eta, Etxauzi ez zaiola gustatzen horrelakoak idaztea “Eliz gizon zuhurtasuna gaitik”


1600. urtean Axularri Sarako erretore izatea proposatu zioten. Kargua hartu baino lehen Frantziako erregeari baimena eskatu zion, nolanahi ere Espainian sortua zelako. Erregeak nafar batek ez zuela baimenik behar erantzun zion. Juan Arostegik auzitara eraman zuen eta Pedro Axular, galdu izan arren, ez zuten molestatu. Enrique IV Frantziako erregea eta Bertrand Etxauz Baionako apezpikuaren babesa zeukalako.

MARIA XIMILDEGI

1608ko abenduaren lehendabiziko egunetan Maria Ximildegi 20 urteko neskatila Ziburun lau urte neskato egin ondoren Zugarramurdi bere sorterrira itzuli zen. Ziburuko hondartzan akelarretan lagun batekin ibilia zen, eta nonbait pare bat aldiz Zugarramurdiko akelarretara hegan etorria zen. Neskatila urrikiturik Urdazubiko Monasteriora gan zen hau dena aitortzera. Felipe Zabaleta erretorearekin konfesatu zen, eta honek, hurrengo igandean meza ondoren berari errandakoa herriko elizan publikoki aitortzea paratu zion penitentzia.

Maria Ximildegik bere bekatuak aitortu eta barkamena eskatu zuen. Baina Berroskoberroko belaian berarekin akelarrean egondakoak salatu zituen. Orduan herria nahasi zen eta bederatzi lagunek elizan aitortu zuten beraiek ere sorginak zirela. Eskatu zuten barkamena eta arazoa bukatu zen. Hori zen herriaren borondatea eta bakean bizi nahi zuten. Baina ordurako Ofizio santua gaztigatua zen. 1609ko urtarrilean ailegatu ziren herrrra Inkisizio komisario bat eta eskribaua. Juan Manterolak egin zituen lehendabiziko atxiloketak. Euskalduna zen eta sarritan aritu zen itzultzaile atxilotuak ez zekitelako erdaraz. Denbora berean Urdazubiko priorea Leon Aranibar lekuko inkisidore izendatu zuten. Gauzak horrela bortizkeria ez zen hasi bertzerik egin.
20 urteko neskatila baten fantasiek eromena hedatu zuen bailaran. Periodikoki inkisidorea eta bere jarraigoak Urdazubiko monasterioa bisitatzen zuen. Segizioa urrunean ikusten zutenean monasterioko ezkilek indarrez jotzen zuten. Leon Aranibar priorea eta fraideak ongi etorria ematera ateratzen ziren. Eta horrela daukagu 1609ko abuztuaren 16a, asteazkena, arratsaldeko seietan ailegatu baitzen Juan del Valle Alvarado eta segizioa monasteriora. Fede-ediktua editatu zuen, eta hurrengo egunean elizetan irakurriko zen. Baina bazuen bertze eginkizun bat, eta hau nahiko xelebrea, apoak, akelarre pomadak eta zopa berdeak nahi zituen ezagutu. Nonbait atxilotuen aitorpenek ikusmina sortu zioten. Miaketak ez zuen emaitzarik eman. Atxilotuek Logroñon aitortutakoak ez zuen oinarririk.

URDAZUBIKO EZKILAK

Urdazubi eta Zugarramurdi bi herri txiki ziren; denetara 300 biztanle bertzerik ez zeukaten. Gehienak analfabetoak, artzainak, nekazariak, errotazainak, jende xehea beraz. Zer nolako zirrara eta ezin egona sortuko zuen ezkila “dilin-dalan” jarduteak... Jendea etxeetan ateak krankaz hertsi eta bata bertzeari besarkaturik isil-isilik gaua luzean. Hurrengo egunean joanen ziren elizara fede-ediktua entzutera, baino ez zuten deus ulertuko, ez zekitelako erdaraz. Badirudi inkisidorea jabetu zela horretaz. Etor aldi hartan 14 pertsona atxilotu zituen, haietatik 2 monasterioko fraidek ziren. Pedro Arburua eta Juan Borda. “ Apaizak direnez erdaraz edo latinez jakinen dute, eta horrela hobeki ulertuko dugu sorginkerien sekretua." Hauek izan ziren Valle Alvaradoren argumentuak fraideak eramateko. Baina ez dirudi Leon Aranibar prioreak eragozpen handirik paratu zionik.

BALAIRAKO TORKEMADA

Leon Aranibar Urdazubiko priorea. Felipe II aren interesen zaindari. Inkisizioaren komisarioa. Botere handiko gizona, herriz herri ibiltzen zen sorginen aitorpenak entzuten. Denak berdintsuak, zentzugabe hutsak, baino ez zuten gizona aspertzen. Handik hara Narbarte notarioarekin aktak hartzen. Aginduak egiten. Herri ttikietako zinpeko alkateen gehiegikeriak estaltzen. 1611 Joanes Perotxena Arraiozko alkateak zortzi emakume atxilotu eta Jauregizaharrea jauregira eraman zituen. Catalina Iturbide Larralde jaunaren alarguna zen jauregiaren jabea. Katalinak aitortu zuen herriko alkatea eta zinegotzi batzuk etorri zirela eguberritan emakumeekin eta ukuiluan sartzeko baimena eskatu ziotela. Emakume bat arras zaharra zela eta bertze bat umatu berria. Jarraitzen du erranez ukuiluan katez lotu zituztela eta ez zietela jatera ematen. Gero dio, pena izugarria sentitzen zuela eta gauaz inork ikusi ezin ziolarik paretako zulo batetik jatera ematen ziela emakume gizajoei. Atxilotu zuten emakume zaharrena Graziana Barrenetxe zen laurogei urtekoa, zutabe bati katez lotua zegoela hankak oinutsik ur hotzean sartu zizkioten eta hil egin zen.
Joanes Perotxena auzitarat eraman zuten tratu txarrak ezartzeagatik. Leon Aranibarrek deklaratu zuen epailearen aurrean “ Fedea ematen dut Juanes Perotxena Arraiozko alkateak egin zituen atxiloketak nire aginduz egin zituela, gure erlijio katolikoari dagokiolako.”
Graciana Barrenetxeren kasuak oihartzun handia ukan zuen, eta gaur egun oraindik jendeak kasua aipatzen du. Toki sakratuan, ezkutukoan eta ezkilak jo gabe lurperatu zuten, Leon Aranibarren dekretuz.
Arraiozko sorginak ez zituzten eraman Logroñora. Herriko zinpeko alkatea auzitarat emateko aukera ukan zuten.
Etxotoako Katalina 16 urteko neskatila Almandozen laido publikoa ezarri zioten gurutze batean lotua. Gero, Leon Aranibarrek esplikazioak eman behar izan zituen. Oronozko zinpeko alkateak bere kabuz dozena erdi bat sorgin ganbaran katez lotuak zeuzkan eta Aranibarrek aske uztera behartu zuen. Bazirudien prioreren argia itzaltzen hasia zela.
Salazar Frias inkisidorea kezkatu zen eta prozesuaren zuhurtasuna zalantzan paratzen hasi zen. 1611 urtean ikerketa bat egin zuen, eta horren ondorioz egin zuen txostenak Alonso Becerra eta Juan Valle Alvarado larriki kezkatu zituen. Antzinen zuhurtasunean ikertzea kasu bakoitza eskatu zuen Salazar Friasek eta horrela gelditu zen eromena inkisizioaren aldetik. Baino herria ez zen ase, bere esku hartu zuen justizia. Jauntxoek, zinpekoek, apaizek, sorgin ehiza hedatu zuten psikosi ikaragarria sortuz. Haurrek amets gaiztoak izaten zituzten. Gauaz itzartzen ziren deabruaren atzaparretan akelarre bidean. Herri batzuetan emakumeak gaten ziren haurra besoetan elizara lo egitara. Desgrazian erortzen zenari su egiten zioten etxe bazterrean. Baratzak hondatu, iturriko urak zikindu. Eta abar luze bat. Baztanen adibidez biztanleen erdia zegoen sorginkeriarekin lotua, hortaz jendeak hertsi zituen etxeko ateak. Elkarrekiko mesfidantza izugarria sortu zen, eta izaera ipini zuen bailarako gizartean.

Nere aita Baztandarra zen, gizon zuhurra eta fededuna. Gan den gizaldia ea osoa bizitu zuen. Baserritarra zen eta ez dut uste liburu bat egundaino irakurri zuenik. Hortaz kontatu zidana antzinatik zetorkion. Haurra nintzela entzun nion gauza bat ahantzi ez dudana. Ama Birjinaren
egunean Zugarramurdiko apaizak Berroskoberro belaian arroba bat ziape hazi bedeinkatu ondoren bota zuen lau haizetara herri osoaren aurrean. Sorginak uxatu zituen, baina itzuliko dira ziape hazi arrobak dituen ale hainbat urte pasatzen direnean.

BURDIOLAK URDAZUBIN.

Beherako erdi arotik XIX mendearen erdialdera bitarte kantauri itsasoko ertzaren luzaeran belazko garraio nabigazio handia zegoen. Ontziak Hamar Hamabortz metro luze ziren, bi mastakoak nagusia txopan eta herenezko bela izara zeukaten. Garraio eta arrantzarako erabiltzen ziren.

Urdazubiko burdinolak hornitzeko Somorrostrotik ekartzen zuten harri burdina. Belaontzitan Donibane Lohitzunetik Askaineraino arraunez. Askaindik Urdazubira idi-gurdiz. Fraideek burdinolak zeuzkaten eta horretako ikatza egiten zuten inguruko mendietan. Dolareak ere baziren ugari ikatza eta burdina lantzen zuten gizonentzako sagardoa egiteko. Erdi arotik dokumentatua dago burdina-garraioa itsasoz. Urdazubiko fraideek, Ezpaineko erregearen. Nafarroako erregearen eta Bizkaiko jaunaren baimenarekin urtero 10.000 kintal Somorrostroko burdina jasotzen zuten. XVIII. mendeko dokumentutan agertzen denez 200 lagunek lan egiten zuten burdinoletan. 1840an bertan behera utzi zituzten burdinolak 400 urte jardunean egon ondoren.

1 comentario:

pello dijo...

Anitz interesgarria irakurritakoa eta zoragarria, zeren zoragarria da ez ezagututako historiak irakurtzea eta jakitea, adibidez Arraiozko sorgiñena eta Arraiozko Torkemadarena, errandakoa, harras interesgarria
ta anitz polita sorgiñaren grabatua.