Urtea txango batekin bukatu, horixe pentsatu genuen. Aukerak
aztertzen hasi ginen, ez zen erraza, hamar lagun ginen eta adin anitzekoak;
amatxi, ahizpa, alba, lehengusu, iloba nerabeak… hasieran, bakoitzak bere aukerari tinko
heltzen zion, azkenik Egiptok irabazi zuen. Madrilen hartu genuen hegazkina El
Kairo-ra, bertze bat Assuan-era. Aduana tramiteak eta bisatuak egin ondoren
Nilo ibaian hotel moduko ibai-garraio batean eman ziguten ostatu.
Hurrengo goizean goiz,
Assuango prestik itzuli bat egin,
eta antzinako harrobian bukatu gabeko obelisko erraldoia ikusi, bazkal ondoan belaontzi batean Nilo nabigatu. Ibaia bare, zerua urre kolore, haizea filin,
falan ferekatzen… iluntzean eguzkia ortzian gorri gorri. Amatxi nekatuxe,
neskatiko eta mutiko koxkorrak saltoka, denak afaltzera. Berriz goiz jaiki, goizeko bortzak aldera.
Gosaldu eta Abu Simbel-era Ramsses handiaren aginduz egin zituen bi tenpluak
ikustera; bat bere izenean bertzea Nefertari
bere emaztearen izenean. Tenpluak harriz harri tokiz aldatu zituzten Nasser
lakua egin zutenean. Beraz ederrak
tenpluak, jendez gainezka, zail egiten da haien edertasuna gozatzea. Bi egun tenplu bisitan, handienak Luxor eta
Karnak, aharien etorbideak lotzen dituenak. Mikel eta Sara hamahiru eta hamasei
urtekoak, muturluze; gurasoak ero, argazki kamera sutan. Amatxi ikusminez,
jakinik ez dela berriz etorriko dena
nahi du ikusi. “Erregeen bailara” non
faraoiak hilobiak egiten zituzten basamortuan. Ehunka daude, baina
erdiak ere ez daude irekiak, hiru bisitatu ditugu, zulo sakonak eta
beldurgarriak, xarmanki dekoratuak baina biluzik, gehienak lapurtuak izan
direlako. Tutankhamon-enaren atarian egon gara, baina ezin sartu, osorik
aurkitu zuten eta hustu, El Cairo-ko museora dena eramateko. Erotzeko modukoa
da faraoi gaztetxoaren hilobi arreoa, dena urrezkoa; El Cairoko museoa handia
eta interesgarria; faraoien hilobi altzariek zer pentsa ematen dute, hantxe
baitaude berpizten direnerako janariak eta edariak, arropa eta oinetakoak… Beraz,
fede handikoak ziren. Gela batean faraoi momia tristeak hilkutxatan, erronkan,
hemen gaude, eta geldituko ere adierazten.
Bi egun gelditzen zaizkigu; biharamunean Gizah-ko piramideak eta Kefren-en Esfingea ikustera
joatekoak gara, afaltzen ari garela taldeko gaztetxoak wifi lortu dute eta ez
usteko albistea dago, Giza-an bertan lehergailu
bat jarri dute eta turista autobus bat betean harrapatu du, hiru hildako eta
zortzi zauritu. Zer egin? Deus ez, ezin dugu deus egin. Ezin dugu arriskua
ekidin; Gaur piramidetan, bihar hotelean, edo merkatuan… nork daki. Ongi lo
egin eta goiz abiatu gara piramidetara. Bezperan gertatutakoaz inork aipatu
ere. Eguna zoragarria dago eta piramideak sinesgaitzak dira, haien oinetan xinaurri
bat sentitzen zara. Eraikinaren handitasuna eta perfekzioak mutu uzten zaitu.
Helduak oinez abiatu gara Kefren-en esfingea
ikustera, gaztetxoak gameluz. Esfingea da Egipton ikusteko gure azken lan
erraldoia. Eta beraz ederra bidaia agurtzeko. Esfingea 2600 K.A. harri
bakarrean eraikia, 57 metro luzera eta 20 altuera, lehoi erraldoia Kefren faraoiaren
buruarekin. Beldurgarria, sekulakoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario