Nilo ibai hegian
nekazaritza oinarri, zibilizazio bat loratu zen. Tigris eta Eufrates artean gertatutakoaren
antzekoa eta garai berean. 3000 K.A. lurralde osoa batu zuen lehen faraoiak. Erromatarrek
30 K.A. Egipto inbaditu arte iraun zuen
inperioa izan zen. Faraoia Jinkoaren berraragitzea zenez lurralde osoaren jabe zen. Erabateko boterea
zeukan, biztanle, animalia, ibai, landa… eta haien fruituak, etekinak eta lanak
ziren bereak. Idazkera hieroglifikoa
zuten asmatu, eta papiroa landu, non, lehen testuak idatzi zituzten. Ez
zeukaten monetarik, hortaz sal erosketak trukean egiten zituzten.
Eguneko argiekin batera
hasten zuen eguna, haur bat bizkarrean eta bertzea eskutik joaten zen uzta
biltzera. Urak handitu baina lehen bildu behar zuen garia. Gizona harrobian ari
zen lanean, eta ilargiak baziren ez zela etorri etxera. Faraoia piramide berria
ari zen eraikitzen, eta ziotenez
ordurainoko egin zen handiena. Emakumea polita eta alaia zen; beti gizonaren
zain, edozein egunean etor zitekeen eta hortaz itxura zaintzen zuen, zorriak
ekidatzako ilea errotik moztu eta papirozko bilordeko polit bat jartzen zuen; begiak
makilatu, eta harizko soineko arin bat, egunero garbia. Eguzkiak berotzen zuenean
itzultzen zen etxerat, haurrak zaindu eta garagardo batekin atseden bat hartzen
zuen, gero, arratsalde apalean baratzea lantzera joateko; barazkiak etxerako
egiten zituen, eta arrantzale batekin arraina trukatzeko batzuetan, edo
ehiztari batekin ahate bat inoizka. Garia ere ehotzen zuen irina oratu eta
egosteko; ura garraiatu, egurra bildu… leher egina, jakinik lanak ez zirela
inoiz akitzen haurren ondoan gelditzen zen lo.
Geldi gaitezen hemen,
agindu zuen urrezko esku-orgatik arin jaitsi eta; arkitektoari zuzendu
zitzaion; begira ezak, bailara Guztiz Santu honetan nahi diat eraiki tenplua;
betiko joaten naizenean, hona etorriko da nire herria gizaldiz gizaldi ohorea
eta ospea eskaintzera. Bazekiat hasi berri den piramidean lan ona ari haizela
egiten. Nire arkitekto izendatzen haut.
Faraoi
Jaun Argidotar hori! Merezi ez
dudan ohore bat izango da.
Jite agurgarrian, belauniko erantzun zion
arkitektoak.
Itzal handiko afera zen
faraoiaren arkitektoa izatea. Aitzina, faraoiarekin zuzenean mintzatuko zen
hautetsietako bat izanen zen. Ardura handia zen, eta hori bazekien gizonak.
Hartantxe hasi zen lanean. Ze baliabideekin konta zezakeen ikusi behar zuen.
Errolda arduraduna deitu zuen, azken erroldaren arabera hiru miloi eta erdi
biztanle, zaharkitua egonen zen errolda
eta berri bat eskatu zuen. Langile gehiago behar zituen, batez ere
harrobirako: Esfingeak, estatuak,
obeliskoa eta piramidea aitzina eramateko; harrobian bertan harriak moztu eta
gero garraioa antolatzeko, bide eta mendi ingeniaria deitu zuen azpiegitura
antola zezan; honek, zurginak eta aizkolariak deitu zituen lerak eta gabarrak
prestatzeko, harriak lur-bidez lehenik, eta urez gero eraman ahal izateko.
Arkitektoak, hilobi eta tenpluaren planoak egin zituen. Obra, handien artean handia
izanen zen berea. Gorteko jakintsu denak deitu zituen: Fisikariak,
matematikariak, apezak eta
sorginak: Eskultoreak, harginak,
igeltseroak eta arotzak; dekoratzaileak,
margolariak, buztingileak; urrea urtu eta laminatzaileak, hari iruleak… eta
hasi zituen lanak.
Gremio eta
elkarte-ofizio denak hasi ziren lanean. Eskultoreak zizelatzen, margolariak
hilobiko eta tenpluko hormak ilustratzen; urre-langileak faraoiaren ehorztetxe
aretoko altzariak, haren hilkutxa eta maskara urre eta lapizlazuliz apaindu eta
edertzen. Hil eta berriz sortzeko faraoiaren hilotza arretaz zaindu behar
zuten. Gorpua momifikatu eta urrezko
hilkutxa aberaski landu eta luxoz hornituriko batean jarriko zuten. Bizian bildutako
harribitxi eta urrezko maskarak eta apaingarriak, kuttunak, kakalardo itxurak…
Eta bizian izandako zerbitzari guziak panpina modura irudikatuak: Eta garrantzi handiko liburu batek osatzen
zuen hilotzaren apaindura. “ Argira sortzeko liburua” deritzonak, zendua
laguntzen zuen azpimunduko oztopoak ekidinez bidea egiten, batez ere, bidearen
hondarrean zain egoten zen erdi ibaizaldi eta krokodilo piztiak irents ez zezan.
Faraoiaren biziaren argiak aztertzen zituen liburuak, eta bere bizian egin ez zituen hainbat
bekatuen lekuko zen. Gorteko
idazkariak idazten zuen papiroa. Magiazko konjuru eta sorginkeriaren laguntza
eskaera egiten zuen hieroglifo idazkeran eta artistikoki liburu ilustratuak.
Osiris-en epaia gaindituz gero, betiko berpiztuko zen faraoia.
Ospe handiko kargua zen
gortean idazkariarena. Tenpluko idazkari
eskolan ikasia, zuhurki hezia eta jakinduria handikoa. Idazkariari zegokion
faraoiaren bizian gertatukoen agiria idaztea. Bihitegi eta mandioaren kontrola;
uzta bilketa agiriak egitea; inperioan gertatzen zen dena egiten zuen idatzi
eta ilustratu. Tenpluetako hormetan, ehorztetxe aretoetan, obeliskoetan eta
enperadoreen jauregietan: Nekazariak lurrak idiekin goldatzen, uzta biltzen,
mahatsa zanpatzen. Harri garraio, eta arrantzan edo ehizan. Lira jotzen,
dantzan eta kantu kantari. Artisauak lanean, apezak errezoan; eta idazkariak
idazten eta ilustratzaileak ilustratzen… denak maisuki irudikatzen zituen idazkariak.
Ilargi berriarekin uzta
biltzeko bigarren hilabetean egiten zen besta handirako; emakumeak kiloan,
iruten, ehuntzen, diseinatu eta josten; apaingarriak, papirozko haize emaileak,
eskumuturrekoak, lepokoak prestatzen;
intsentsu eta lurrinak biltzen. Jendea apaintzen zen, noski. Jinkoa urrezko txalupa batean ateratzen zuten
jendeak gur zezan; faraoia bere familiarekin
boterea eta luxuaren erakuskaria eginez ateratzen zen, eta jende xeheak
irrikan eta liluraturik jarraitzen zuen gortearen segidizio urreztatua.
Faraoien hilobiak eta ehorzte tenpluak
bisitatzen zituzten errezoak errezitatuz, eta eskaintzak eginez. Ilunabarrean jende arrunta, festa giroan jan
eta edan ondoren, akelarre zoragarria batean murgiltze zen; hila eta biziaren
arteko muga gainditzeren belarren zukua
esnifatzen zuten, liraren soinuan dantzan, ordu ttikitan bukatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario