martes, 20 de marzo de 2018

MARIA


Ama Virginiaren izena jarri zidaten. Inolako intentziorik gabe, nahi dut pentsatu. Errumaniako hiri batean bizi nintzen. Nire etxea arrunta zen. Aita eraikuntza langilea, eta amak goizez lantegiak garbitu egiten zituen. Nire ahizpa ttikia eta biok eskola on batera joaten ginen. Ongi bizi ginela uste dut. Azkarra nintzen eskolan, eta “superdotada” nintzela erabaki zuten. Anitz maite nuen eskola, erraz ikasten nuen, eta handitzean sendagile nahi nuen izan. Hamalau urteko mugan polita nintzela konturatu nintzen. Institutura joan nintzenean mutilen begiradak laket nituen, eta nire berezko edertasuna hasi nintzen zaintzen, ilea apaintzen, ezpainak margotzen... Gona motzak, eta elastiko estuak janzten...
Egun batean mutil multzo batek bortxatu ninduten. Hain izan zen bortitza ze sena galdu nuen, eta ez naiz hartaz oroitzen. Baina ongi oroitzen dut etxean egin zidaten harrera. Puta zikin bat nintzela eta ez nuela ezkontzeko balio; horrela erran zidan aitak bi matelezurreko ematen zidan bitartean. Institutuan nire jarrera zela mutilei bortxatzera bultzatu ziena erabaki zuten. Inoren laguntzarik gabe. Bakarrik. Ezin izan nuen bortizkeria salatu. Eta erori nintzen. Zulo handi batean, infernu sakonean erori nintzen. Eskolan bullying egin eta azkenik ikasketak utzi nituen. Sexu gehiegikeria, bortxaketa edaria eta droga, lanbro ilun batean oroitzen dut garai hura. Sarritan nire buruaz bertze egitea pentsatu nuen, baina ezin ausartu. Hemezortzi urte bete nituenean andrazko batek saldu ninduen espainol gizon bati hirurehun euroren truke. Gizonak pasaportea egin eta Espainiara autobusez eraman ninduen. Diru anitz irabaz nezakeela prostituzioan erran zidan. Ilusioz hartu nuen proposamena; urte pare batean dirua eginen nuen, eta nire biziaren jabe izanen nintzela uste bainuen. Industrialde batean, putetxe batean sartu ninduten. Irabazien erdia niretzat izanen zela erran zidaten. Hogei bat neskek egiten genuen han lan. Gure segurtasuna bermatzeren kentzen ziguten pasaportea, eta dirurik ez ziguten ematen. Lan egiten genuen gela berean egiten genuen lo. Gela eta janaria ordaindu egiten genuen. Laneko arropa eta puta dornagailuak erosteko tikeak ematen zizkiguten, putetxe parean zegoen denda batean erosteko. Ez dakit zenbat denbora egon nintzen putetxe hartan; egun batean polizia etortzekoa zela eta, pasaportea itzuli zidaten. Ihes egin nuen; bertze putetxe batean babestu nintzen. Eta horrela hiru urte. Azkenik putazale baten babesean atera nintzen prostituziotik eta jatetxe batean eman zidaten lana, eta hamar urte bertan egin nuen lan. Gau eskolan ikasketak berreskuratu nituen, eta egun, soziologian lizentziatua naiz.
Emakumezkoen salerosketan galtzen diren neskak laguntzen dihardut. Lehenik, ez direla errudun sinetsarazi, gero, beti dagoela bigarren aukera barneratzen lagundu. Nahiz eta zaila eta gogorra izan, ahal dugu!
Emakumezkoen salerosketak eta prostituzioak (drogarekin nahasian) etekin ikaragarriak ematen ditu. Mota guzietako mafiak daude bertan sartuak. Gobernuek bertze aldera begiratzen dute. Gizarteak ez du ikusi nahi. Eta gu ikusezin.

No hay comentarios: