Ni, moja nahi dut izan.
Hori zuen gogoko eta beti gogoan. Gurutxe, erraten genion, gure
amatxi haren etxean bizi zen, anitzetan joaten ginen, Pantxo,
Bixente eta ni ezti eltzetxo batekin,amatxi ikusi, eta bide batez
lehengusuekin jostetan aritzera. Anitz maite genuen ganbara, han
izaten baitziren gauza harrigarriak; armiarma eta hautsez beteak,
baina erakargarriak, batez ere trapuak eta soineko zaharkituak.
Mozorrotzen ginen, bakoitzak eure nortasunaren bila. Gure Gurutxe
beti mojaz, haren ahizpa eta ni sorginez, mutikoak basajaunez...
Hantxe ibiltzen ginen belar idor gainean iraulka; altxapeka, atxenka.
A! Ze akelarreak, egiten genituenak. Bazegoen kutxa handi bat,
zerraila erdoildua zeukana, baina hala edo nola ireki genuen. Paper
pilo bat zegoen han. Horituak eta ertzak sitsak janak. Ez genekien
ze paper ziren, ez genuen gaitasunik jakiteko. Liburu zahar bati
begira gelditu ginen. Liburua uherra eta hondatuxe zen. Zazpi ginen
haurrak, eta ttikienak beti gibeletik gaiztakerietan genituela
ibiltzen ginen. Zarrenek bagenekien
leitzen. Hortaz, iskin batean aldendu eta hasi ginen liburua
behatzen. Gure etxeetan ez zen libururik, ez bazen mezara eramatekoa,
beraz aspergarria. Era bat bertzelakoa iduritu zitzaigun liburua.
Izen burua bera polita zen.” Don Quijote de la Mancha”
non ote La Mantxa delakoa? Nork daki. Axolarik ez. Lurralde
zoragarria nola nahi ere, non erraldoiak bizi ziren. Ez genuen
erraldoirik inoiz ikusi. Ez genekien zein handiak izan zitezkeen ere.
Baina, gure baitan irudikatzen genituen. Ezagutzen genuen gizonik
handiena Frantshandi zen. Tratantea zen eta baserriz baserri azienda
erosten ibiltzen zena. Zaldi beltz beten gainean bera ere beltzez
jantzia, zaldi eta zaldun bat egiten zutelarik. Potreta ederra
gizonarena. Urrunetik bazetorrela ikusten genuen. Aitarengana joaten
ginen oihuka; aita! Aita! Franshandi heldu da. Bitez isil! Ergel
horiek! Erritan ematen zigun aitak. Franshandi izen goitia zen.
Frantsesa eta handia zelako, nonbait. Amak, sukalde txukundu eta
gasna eta ardoa ateratzen zuen, tratua egin baino lehen pixka bat
solasteko. Gero beti zegoen negozioa, eta hura ona zen doike. Haurrak
mahai inguruan ibiltzen ginen, haien erausia ulertu nahian.
Berriketak ekartzen zituen tratanteak, batzuetan “zera”erabiltzen
zuten izenorde. Zera dela zera egin duena, edo, zerak erran zuen...
Zertaz ari ziren ezin jakin gu. Frantshandik “First
Dates”delakoak ere prestatzen
zituela jakin nuen handitu nintzenean. Gizon bat alargun gelditzen
zenean, familia aitzina ateratzeren, emakume bat bila zekion,
eskatzen zion tratanteari. “Mando tratua” erraten zioten.
Hamalau
urterekin joan zen Gurutxe nobiziagora. Hemezortzitan hartu zituen
abituak. Berrogei urterekin abituak kendu, bakeroak eta elastikoa
jarri, eta misilari joan zen Hego Ameriketako Guarani miserableak
laguntzeren. Hamar urtetan dozena bat komentu zituen zuzentzen. Joan
nintzaion bisitan. Erlijioa alde batera utzi, eta giza eskubideak
lantzen; emakumeen egoera hobetzen; haurdunaldiak mugatzeren,
antisorgailuak eta preserbatiboak banatzen... buru belarri sartu zen
Gurutxe. Misiolari multzo batek Romako aginduei aurre egin eta
lurraldeko pobreekin bizi ziren; haien egunerokoa hurbiletik bizi
ahal izateko.
Egun
batean joan ginen Gurutxen ardurapean ziren komentuak bisitatzera.
Horietako batean, afari-merienda egiten ari ginen, eta telefono dei
bat gaztigatu zion hango moja batek. Gurutxe pozik eta irrika itzuli
zen; ez duzue sinetsiko nork deitu didan! Koncepciongo apezpikua zen.
Asunciongo bidean nire komentuan gaua pasatzeko asmoarekin etorri,
eta ni ez nagoenez, nire ohatzean eginen duela lo, eta bere usaina
utziko didala. Alai baino alaiago erran zigun Gurutxek.
Biba
zu! Ez duzu bizia alferrik galdu. Nion nirekiko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario