lunes, 4 de diciembre de 2017

ZAPATA BERRIAK


Umea, zapata berriekin balego baina kontentuago dago. Horrela dio erranairuak.
Halaxe sentitzen zen Maxus egun hartan, erosi berri txarolezko zapata politei beha.
Hirurogeita hamar urteak eginen zituen Maxusek, biziaren ilunabarrean, egunak bat bertzeari ezustekorik gabe lotzen diren egoera hartan bizi zen. Eta, egun batean txinparta batek dena egin zuen irauli. Gasolindegi batean gertatu zen. Xarma gutiko aretoan beraz. Maxusek liluraturik gizona ikusi zuen; berrogeita hamar urte geroago, ile zuri, baina irribarre berbera, hortzak airean goxo, limur eta maitagarri.
Lotsati, zalantzati, bidali zuen izkribu bilduma argitaletxera; ez zuen deus handirik espero, bere lehendabiziko idatziak ziren, non gazte amodioari ematen zion lehentasuna. Aste bat baino lehenago hartu zuen erantzuna; ezustekoa hura ere, baietz, eta kontakizunak goraipatuz, argitaratuko ziotela liburua, zion mezuak.
Liburuaren prozesuak urte bete iraun zuen. Zalantzaz gainezka aise gertatzen den bezala, lagun minari matraka ematen hasi zitzaion. Urteak zeraman astean bi aldiz mintzapraktika egiten herbeheretar musikari batekin; azkenik lagun minak egin ziren, eta euskara lantzen mintzapraktika gai, Maxusen kontakizunak hartu zituzten.
Bereziki interesatzen zitzaizkion idazlearen lehendabiziko amodioaren gorabeherak, musikariak behin eta berriz gaiari heltzen zion; beti teorian oinarriturik, hotz eta zehatz. Batean Maxusen sexualitateari buruz galdetu zion, emakumeak urtetan sexurik gabe bizi zela aditu zuenean, bera prest zegoela hutsune hori betetzeko erran zion.
Bai, ederra dela amodioa, amodioak egiten duela bizia bizigarri badaki Maxusek, eta Durangoko Azokarako txarolezko zapata politak erosi ditu.

No hay comentarios: