sábado, 9 de septiembre de 2017

TEMAN


Atzo besta handia Hondarribian, urtero egiten den bezala, 1638an bi ilabete luze setiatuak egon ondoren, zazpiehun gudari hondarribiarrek hogeita hamar soldadu frantsesen erasoari aurre egin zieten eguna ospatzen da. Erlijio guda zen nonbait, Katolikoak Protestanteen artekoa. Ea jateko eta edatekorik gabe gelditzear, bi emakume kementsu ausartu ziren harresia gurutzatu eta Guadalupeko baselizara joaten, eta han zegoen Amabirjina herriko elizara ekartzen; Amabirjinaren laguntzarekin egin zuten nonbait gatazka irailaren zortzian irabazi, eta eguna besta handia egin. Desfile politak egiten dira, auzo bakoitzak berea eginez. Konpainia bakoitzak neska bat aukeratu eta” kantinera” bezala ateratzen du desfilearen buru.
Orain hogei urte emakume talde bat hasi zen alardean gudari bezala desfilatzeko bere eskubideak eskatzen; ezezko gogorra hartu zuten, batez ere herriko emakumeen aldetik: gauzak horrela, konpainia berri bat sortu, eta lehendabiziko aldiz atera zen emakume eta gizonez osatutako gudari taldea desfilatzen; berrogei bat lagun. Liskar handiak sortu ziren, mehatxuak, irainak, oztopo guziak jarri zizkieten atera ez zitezen. Urtez urte gan zen konpainia handitzen eta aurten bortzehun lagunek egin dute alai eta besta giroan desfilatu. Kale nagusian urteroko “skratxea” ere umorez hartuz. “Betiko Alardearen Alde” lemapean, hartzen dute Kale Nagusia eta espaloiak jendez bete. Plastiko beltz erraldoiak esi modura paratzen dituzte eta emakumeak desfilatzen ez ikusteko dira gibelean ezkutatzen. Aurten bazirudien alardea ez ikusteko baino gehiago, eurek zirela ezkutatzen ari zirenak, lotsaren lotsaz, inork jaramonik egiten ez dietela ikusi eta.
Teman sartu den taldea da, gibelat ezin egin, folklore gelditu balitz. Denek dakigu ze indarra duen folkloreak, eta zenbat zentzugabekeria, inongo estetikarik gabe gelditzen diren tradizioaren menpe; asto lasterketak... eta... eta...

No hay comentarios: