domingo, 24 de junio de 2012

AKUARELA SAFARIA



                                   

Uztailak zazpigarrena du eta San Fermin eguna dela gogora etorri zait. Nafarra naizelako izanen da…  

Goizeko ordu ttikietan kamioi batean atera gara Nairobitik, hamar egun iraunen du gure safariak eta beharrezko guziak gurekin daramatzagu. Rift arrail handian Kenya eta Tanzaniako   Nakuru, Masi-Mara, Serengeti eta Ngorongoro parke babestuak bisitatuko ditugu. Lurralde berri bat ezagutzera noa,  amets batean murgilduta banengo bezala sentitzen naiz, emozioz betea. Ikusmin handia sortzen dit ezezagunak. Bizimodu berriak, sinesmen sinestezinak, ohitura ikaragarriak, jendeen janzkera eta apaingarri bitxiak… horiek denak errespetatzen ditut gogo onez. Inongo  aurreiritzik  gabe.  Beti horrela izan da, eta belaki batek bezala dena xurgatzen dut.  Beti badago zerbait hartzeko, asimilatzeko, ikasteko: sentsazioak, koloreak, belar bustien usaina, txorien abestiak, eguzkiaren gorria eta ilargiaren zuria, nire
bidai lagunen afal osteko irriak, haurren begirada inozenteak….    

 Gidaria, sukaldaria eta txoferra atseginak egiten zaizkit. Hamabortz lagun gara denetara eta xarmanki pasatuko dugu doike . Argazki safaria da asmoa, baina nik ez dut argazkirik eginen, akuarela kaxa eta kaiera ekarri dut, nirea akuarela safaria izanen da.


  Baringo izeneko aintzira aldera goaz.  Laku geza, 130 kilometro karratu handi da,  Afrikan den txori-leku oparoena.   Laurehun bat txori espezie bizi dira bertan. Lakua uherra da, ia ez da ikusten lurrarekin bat nahasten delako. Txoriak dira nagusi, harribitxien kolorea hartzen dute, azabatxea, korala, esmeralda, lapislazulia, karmina, kobaltoa…,  horiek denak oreka perfektuan txoriak jantziz. 

 Goliat gartza, munduan den mota handiena lakuaren bazterrean bizi da. Bakartia, liraina eta malgua da, opera emanaldi baterako bezala apaindua, emazteki tankera ematen diot. Belusezko  bizkar  estalkia, setazko soinekoa, lepoa mokoraino luzea, perlaz osatutako koilarea bularreraino. Harro, ahaltsu,  elegante hartzen du hegaldia.

 Mattin arrantzalea,  urdin berdexka, papo gorri eta lepo zuria da.  Mokoa beltz luzea dauka eta  ezpata bezain indartsua.   Egun osoa arrantzan ematen du, buruz txorrotxioan  murgiltzen da uretan eta arraina mokoan itzultzen  da, txitatzen ari den bere txori lagunari  jatekoa ematera .  

 Txori ehuleek lan polita egiten dute, zuhaitz adarretatik zilintzan egiten dituzte habiak. Ehuna parpaila modura, sagar handi  baten neurrian bukatzen dute.  Binaka aritzen dira lanean, belar izpiak, koroildua … eta horrelako osagaiak ekarri eta hegaletan iruten.

Lur lehorrean oasi eder bat da aintzira.   Handik hurbil bizi diren pokot  komunitateko emakumeek koilaretan txorien   kolore berak erakusten dituzte.

Bizi  miserablea xamarra pokot tribuarena.  Ahuntzak zaindu eta ehizan aritzen dira.  Nomadak dira; basoan fruitu lehorrak biltzen dituzte negu gorrian jateko.  Ahuntz larruekin egiten dituzte etxolak, bai eta  helduen soinekoak ere (nahiko politak). Emakumeek koilare ikusgarriak luzitzen dituzte bular gainean, norberaren estatusaren ezaugarri.    Ez dakite arropa garbitzen. Haurrek europar jantzi zikin eta zulatuak eramaten dituzte. Nahiz eta Kenyan haurrak eskolara joaten diren  ez du  ematen hemengoek hori egiten dutenik. Komunitatea ttikia da, apenas berrogei bat lagun. Etxola bat bisitatu dugu, borobila da, sua erdian eta alboetan etzateko tokia. Pertsona zutik ez da kabitzen, nahi eta nahi ez  totoriko  ibili behar du.  Abar ziztadunez  egindako hesi baten barnean ahuntzak dauzkate, bertan etxola ttiki-ttiki bat dago, piztietatik aziendak zaintzeko, eta han  bertan mutikoak lo egiten dute. Neskatikoak   ezkondu arte amatxirekin egiten dute lo, begiratuak  izateko. Lau sosen truke dozena erdi bat emakumek guretzako dantza egin dute. Emakumeak batzuk  adinez nagusi,  nahiko ximelduak, abesti triste bat abestu dute.

Ez zait deus gustatzen ikusten ari naizena eta   emakume batek daraman koilarea  kaieran   marrazten hasi naiz. Haur batzuk hurbildu zaizkit, berehala nabaritu dut haiek ere marraztu nahi dutela, eta papera eta kolorezko arkatzekin  lurrean eseri eta elkarrekin marrazten  aritu gara.

Eguzkia apaltzen hasi da, giroa hozten, herrixkako kazikea hurbildu da, eskumuturrean daraman ordulari distiratsuari  begiratu  eta haurrei keinu bat egin die, hauek zutitu  eta gibelat begiratu gabe joan dira bere  etxola aldera.  Gure gidariak, ordaindu  dio gizonari bisita saria eta autoan sartu gara.           
   

 Kriskitinak joka,  ─ Jaiki neska mutilak! kafea prest duzue. ─Aupa neska mutilak! ─ Bere andaluziar  doinu bereziarekin  goizero lauretan  ernatzen gaitu gidariak.  Manu du izena eta sebilarra da.  

Sukaldaria tanzaniarra da, Daby du izena, larru beltz ederra, ia bi metro altu. Galtza loredunen gainean elastikoa maukarik gabe janzten du beso sendoak agerian utziz. Lepo gotor gainean ile sasia handia  Bob Marley modura   orraztua darama. Aurpegia alaia, begiak beltz distiratsuak,  sudur mintza  zabalen azpian, ezpain handiak airea musuka. Itxura bikaina mutilarena.         
 Sukaldari ona da, eta txit maitagarria, beti daki nork nahi duen kafea ala tea, zeinek ez duen zukurik nahi…

  

Goizekoa da otordurik hoberena, arrautza eta txingarra, laranja zukua, ogi zigorra, mermelada, kafea…  bortzetan gosaldu ondoren zalu eta gogotsu hasten dut eguna. 

  Bidaiaren hirugarren eguna da eta argi-hastean Nakuru parkea gurutzatuko dugu, izen bereko aintziraraino iristeko.

 Goiza hotza da eta belarra ihintzez blai dago, belai handia zeharkatzen ari gara  mantso- mantso animaliak ikusten.

Hagitz goiz elikatzen dira belarjaleak giro umela profitatuz.

 Bufalo kafre talde bat, inpala bikotea, antilopeak, gazelak… ez gaituzte ezta begiratu ere egiten, arrotzak  sentitzen gara, badirudi ez dutela bazkatzeko tenorean bisitarik nahi.

 Halako batean txoferrak  kamioia gelditu du.

“ Ixo! Ixo!” Dio gidariak.
 Bide ertzean errinozeronte-zuri bikote bat dago; alimalekoak  dira, gris zurixkak, belarra jan eta jan ari dira. Seiehun kilo belar jaten omen ditu egunean bakoitzak.

 Errinozeronteek ez gaituzte ikusten. Azienda primitiboak dira, bista motza dute, usaimena  daukate garatua eta haien gida da baina oraingoan haizea aurka daukate. Errinozeronteek bere lurraldeko mugak pixaz ihinztatu eta gotor defendatzen dituzte. Bakean uzten bazaie ez dira erasotzaileak, haserrean sudur adarrarekin adarka kasatzen dute arrotza. 

Dinosauroak akitu zirenean,  belarjale erraldoiek   hartu zuten haien tokia. Duela    milioika  urte gertatu zen. Errinozerontea, mamuta, bisontea… zelai handitan egokitzen joan ziren . Errinozerontea animalia mitikoa da. Txinpantzea zuhaitzetatik  jaitsi eta zutik hasi zenean errinozerontea zelaietan bizi zen. Hasieratik liluramendua sortuko zuen gizakiarengan, kobazuloetan maiz marraztu baitzuen gizonak haren irudia.   Lau bat metro  luze, ia bi metro altu, munduan dauden espezie handienetan laugarrena da. Hogei bat mila buru bertzerik ez dira gelditzen Afrikan, kontinentea kolonizatu baino lehen miloi aletik gora bizi ziren.

 Animaliaren defentsa sudur gainean daukan adarra handia da, aldi berean bere galera izan da.   Antzinatik izan da preziatua errinozerontearen adarra.Gizakiaren sexu potentzia indartzeko gaitasunak bazituela pentsatzen zuten eta  sarraskia ikaragarria izan zen. Gaur egun espezia babestua da, baina desagertzeko arriskuan, betiere.           

 Kamioiko  leihotik begira denbora bat egon gara, isil-isilean , errinozeronteak zanpa-zanpa belar jaten bat bertzearen gibeletik urrundu diren arte.

 Bat  marraztu eginen dut.
Muturra luzea.
Ezpain handiak sudur azpian
Honen gainean adar nagusia.
Goraxeago adar motza.
Masailezur gainean begiak.
Handik  gora, kopeta handia,   belarriak motzak.
Gorputza lodia eta luzea.
Hanka motz sendoak.
Buztana arina.

 Eguerdi aldera  parkean, eguzkia eta belarra dar-dar, lekukoak berriz altxapean, kobazuloetan, sasipean. Haizea nagi, zeruan hodei pusketak alfer, egonean…


  Arratsaldez ailegatu gara  Nakuru aintzirara,  milaka flamenko arrosa aurrean dauzkat.  Laku gaziak eguzki erreflexuz zilarrezkoa ematen du,   ertzak arrosa kolorea hartzen du, bertan flamenko  hankaluzeak  ura iragaziz elikatzen ari dira. Ura zurrupatu, iragazi eta bota, zurrupatu iragazi eta bota, eta horrela egun osoa. Aintzira gazi honetan,  padura  burdina eta proteinetan aberatsa da. Hemen dagoen     itsas belar berezi batek ematen dio hain zuzen    flamenkoari arrosa kolorea.           

Ematen du flamenkoek gimnasia erritmiko batean murgildurik daudela, edo  antzerti saio batean, agian balet pausoak dira, batek daki. Erraten dute munduan ikuskizun ederrenetako bat dela, baliteke,  bizimodu fina eta elegantea iruditzen zait benetan

Flamenkoek maiatzean erruten dute lohian egindako habietan, ehun  bat  arrautza  aldi bakoitzean eta arrak zein emeak txandaka berotzen ditu arrautzak txitatu arte.     

 Bazter batean eseri eta flamenkoak  marrazten  ari  naizela,  mukuru ilun handi bat  zanpa-zanpa datorrela ikusi dut. Flamenko finen artean mamuak alimalekoa  ematen du. Harizko mantel zuri batean ardo beltz orban bat balitz bezala. Erabat tokiz kanpo.   Bufalo zezena   da,  larria, bizkarrari jarrai lepo sendoa bi adarretan burutua. Adarrak ikaragarrizkoak ditu, beltz distiratsuak, azpian, belarriak gainbehera zilintzan, begi handi hanpatuak,  mutur gainean sudur zulo beltz sakonak.    Eta baso aldera dator, haren bidean nago, trasteak bildu eta kamioira noa, ez nuke piztiaren adarretan neure burua ikusi nahi.

 Goibel dago eta  goiz hasi du iluntzen,  seiak aldera paratu dugu kanpamendua eta su ondoan eseri gara. Gidariak garagardo botila eta intxaur batzuk mahi gainean jarri eta, bizarra ferekatuz, urduri, izkina batean eserlekuaren punta-puntan eseri da,  lasterka ateratzeko prest balego bezala.

─ Komuna ebatsi digute ── gaztigatu gaitu.
─Eta orain zer?─ Dio emakume batek.─ Nork ebatsiko luke komun bat?
 Bertze batek harritua.
 ─Ba, ez dakit, baina ebatsi digute.─ Erantzun dio gidariak.

 ─Eta orain nola konponduko gara? ─ Berriz ere emakumeak.

─ Ba, orain… hor duzue munduko komunik handiena ─ Oihana seinalatuz erantzun dio mutilak.

Minutu bat isilik egon ondoren barrez ia lehertu gara…gero sasoi onez afaldu  eta garaiz joan gara lo egitera.
 



 Argi-astean  Masai-Maran sartu gara, nonbait bada, hemen da errege lehoia.  Parajea uhintsua da, mendixka buruak belai eta larre, basotxo  oinetan errekak. Non-nahi behi aldeak masai abeltzainekin. Herrixkak sasi elorriz inguratuak, bertan mila kolorez jantzitako emakumeak bere eginkizunetan  ageri dira.   Paisaia margolari txar batena ematen du. Dena da polita, ametsetan ikusten diren horietakoa,  gezurrezkoa balitz bezala.  Zeruko hodei pusketak dantzan, parajea nabartzen dute haien   itzalekin. 

Goizeko hamarrak aldera  lehendabiziko lehoinabarra ikusi dut. Erreka jarraitzen du gure bideak, bertze aldean  animalia astiro doa. Mantso-mantso paraleloan jarraitu dugu lehoinabarra, ezikusiarena egiten du, ala kamioia ez du ezagutzen,  kaxa erraldoi itsusi bat bertzerik ez da, traste bizigabea. Eta biziduna bila dabil, ehiztari maltzurra da lehoinabarra, xume-xume, isil-isilean, ezustean harrapatzen du ehizakia.

─ Animalia gose dago, sabela hutsa dauka ─  Dio gidariak.

 Hamar minutu eskas iraun du desfileak. Lirain eta malgu, larru nabar elegantez jantzia, sasi artean galdu dut lehoinabarra. Betiko geldituko da nire begietan. Ez dut ehizan ikusi baina agian hobe…

Jirafak, zebrak, ñuak, bufalok, antilopeak … taldeka edo bakarka, zelai, baso edo mendixketan.  Mila bide gurutze daude eta galdu egin gara.

Batzuetan galtzeak badu berea, gaurkoa horietako bat izan da. Eguzkia apaltzen hasia da, haizeak freskatzen du eta lehoi familia afari merienda egiten ari da. Bidetik gertu, ehun bat metrora; arra, harri tontor handi baten gainean eserita dago,  haren ezti kolorezko begiek mesprezuaz begiratzen gaitu, aharrausi egin du ahutza ahaltsuak ireki eta hagin  handiak erakutsiz.  Buruko ile beltz ederrak astindu ditu.   Emeak magalean zebra bat jaten ari  dira. Bi dira, ondoan hiruzpalau ume jaki hezurrekin jostetan, lurrean iraulka, borrokan…   Lehoi arra kontent dago, bera izan da lehendabiziko jan duena, emeek ekarri diote jakia. Nagusia ase denean soilik hasi dira jaten bertzeak.  Ikaragarrizko  haginkadekin zatitzen dute zebra haragia, larru marraduna larrutuz.  

Lehoi arra lotsagabe itzala da. Baso eta oihanean errege poligamoa, erreginek mantentzen dute kobazuloa, umeak zaindu eta familia osoa elikatu ere. Bere eginkizuna, lurraldea eta emeak defendatzea da, batez ere bertze erregeetatik. Eta gotor defendatuko du erreinua azken hatsa galduko badu ere. Lehoi emea umatzeko tenorean taldea utzi eta kobazulo batean  umeak koxkortu arte altxatzen da. Emea umeei esnea ematen dion bitartean ez da zeloan sartzen, eta arrak anitzetan hiltzen ditu sortu berriak emea berotzeko.    

Hiru egun irauten du lehoi emearen zeloak. Eta hogei minuturo estaltzen du arrak emea. Hirurehun bat aldiz hiru egunetan…  Lehoiek ez dute aurre eginen dien harraparirik. Hortaz espezia bera da ugalketa kontrolatzen duena. Sortzen diren hiru lehoitatik batek baino ez du eginen  aitzina.           




 Ur ondoan, belai batean paratu dugu kanpamendua. Su handi bat egin eta ondoan afaldu ostean, berbetan ari garela harako kurrinka  bat aditu dut. Izutu ere egin naiz. Gaua beltza dago, ez dut deus ikusten. Kopetako argia biztu, eta inguruan begirada bat eman dut.  Bi begi alimaleko meta baten buruan ikusi ditut. Meta zanpa-zanpa ia arrastaka mugitzen da, eta nigan dator.

─Lasai, lasai   ez dute deus egiten, sar zaitez dendan eta ongi hertsi atea. Gomendatu dit gidariak.
─Badirudi hipopotamoak arrotzekin laket direla  eta gabez gero eta gehiago dira turisten dendak harriduraz bisitatzen dituztenak.

Irribarretsu taldeari zuzendu da gidaria.

─Pixa eta bertze gainerako guztiak egin eta sar zaitezte dendetan, gauez ez atera, hipopotamoa izutuko da, eta orduan bai, hobe haren aitzinean ez bazaudete.

Lo zakuaren barnean dendak ematen didan babesean ongi sentitzen naiz. Kanpoan aktibitate handia sumatzen dut, nonbait  hipopotamo familia osoa etorri da bazkara.

“ A! “ ze bizi tristea hipopotamoarena  Eguna ur lohitsuan iraulka, gau osoa belar jaten. Ehunka kilo bizkarrean, eguna joan eguna etorri…
Animalien txutxu-mutxuek  lokartu naute azkenik.  
 


 Lainotsu ernatu da eguna, ia ez da deus ikusten, kamioian erdi lo gaude. Errepidea makurra da, harako batean elefante alde handi batekin topo egin dugu.  Gidariak txoferrari gelditzeko eskatu dio. Elefante  bat errepidetik gertu dago. 

 Elefante familia amatxik gidatzen du.
 Badira erraldoiak, handiak ertainak eta niniak amaren hanka artean titia bila.  Amak aldizka tronparekin pa ematen dio  umeari.
 Arrak hortz luze eleganteak  harro erakusten ditu.
 Hurbilean ur putzu bat ur-liliaz estalia dago, elefante batek 160 litro ur eguenean behar ditu, eta ur- liliak anitz gustatzen zaizkio-
Putzua  agortzen denean bertze baten bila mugitzen da elefante aldea.
 Idorte handietan gaizki pasatzen du elefanteak, larrua babesteko lokatzan bainatzea premiazkoa du,  zahartzen denean haginak galtzen ditu eta kima xamur sortu berriak soilik matxikatu ahal ditu.
Kamioia gelditu eta isilean taldea begira denbora egon gara.
 Eme bat zeloan dagoela ematen du eta arra gorteiatzen ari zaio . Tronpa gora belarriak astindu  eta ikaragarrizko orroa bota ere egin du.

Alde egiteko tenore da. Elefantea pisua eta traketsa ematen badu ere, zalu eta abila da, igeri ongi egiten du eta basoan sasi edo sastrakek  ez die trabarik egiten, denen gainetik pasatzen da.   Haserrean hagitz arriskutsua da. Ez ditu arrotzak bere inguruan maite. Bere intimitatea babesten du. Elefante batek harrapatuz gero nekez aterako da bizirik gizona. Lehenik tronparekin lurrera bota eta gero hankekin zanpa-zanpa kasatuko du.

 Lainoa harrotu du eta ikaragarrizko beroa egiten du. Itzal bat bila gabiltza. Bazkaltzeko tenorea ailegatu da eta gose gaude. Azkenik, Akazia batzuen azpian mahaia paratu eta zerbait jateko hartu dugu. Gero berriro kamioira: kuluxka bat eginen dut. 

Munduan animaliarik zaluena gepardoa da. Edertasun handiko harraparia, larru nabar zurixka, bi malkok aurpegia goitik behera gurutzatzen dio,  beti negarrez balitz bezala . Kuttuna eta maitagarria dirudit.

 Betiko tximinoen etsai amorratua,  siesta denbora profitatuz sartu da gepardoa tximino baratzean. Tximino familia handi bat lasai dago, berbetan, jolasean, elkarri, orrazten, zorri garbitzen…

Tximinoek harraparia sumatu dute eta umeak bildu bizkar gainean, besapean…eta  zuhaitzetara igo dira. Iskanbila ikaragarrian zuhaitzez zuhaitz jarraitu dute gepardoa, garrasika errietan egiten diotelarik. Gepardoa lotsati buztana arrastaka baratzetik atera denean tximinoak mutu gelditu dira. Minutu  bateko isilunea egin da. Beraz nahiko dramatikoa iruditu zait.  

Emozio handia sentitu dut. Une honetan tximinoekin nago, badakit gepardoa tximino ume baten beharrean dagoela, hori dela haren bizi bidea, seguru aski berak ere baduela ume bat kobazuloan eta elikatu behar duela. Baina tximinoen ekintza ausarta hunkigarria dagit.

Eguna ongi profitatu dugu, eta ilunabar gorri-gorriak aterpe eman digu. Eguzkiak ostertzean  ematen du sua dariola, baina urrun dago eta harenak ez gaitu berotzen, hortaz gurea egin dugu, gero su inguruan  espageti on batzuk jan ondoren dendan sartu naiz.  Ibai bazterrean gaude  eta giro hezea sumatzen dut.
         

 

 Serengeti, masai hitza da, (zelai handia )  parke babestua da eta 15. 000 kilometro karratu dauzka. Munduan animalia basa gehien bizi den tokia da.

Belar bila urtean bi aldiz belarjaleek emigrazio handi bat egiten dute . Urtarrila eta martxoa bitarte Maratik Serengetira, ekaina eta abuztuko artean Serengetitik Marara. Ikusgarria da.   Bihotza estutzen dizun horietakoa da. Elkarrekin egiten dute bidea belarjaleek, eta horien gibeletik haragijaleek. Hiena, arrano eta haratustelek ere. Burmuinean badirudi  GPS daramatela, batek daki zenbat mila urte, urtea etorri, urtea joan, eta beti bide berdina. Bidean Mara ibaia pasa behar dute eta ikaragarrizko taldeak batera oztopoa gainditzen saiatzen dira,  anitzen bizia krokodiloen haginetan akituko baita. 

 Mara eta Serengeti lurralde bera da. Muga politikoa. Europarrek bulego batean mapa hartu eta arkatza eta kartaboiarekin joan den mendean marra zuzen bat egin zuten , inongo zentzu barik herri bat zatitua gelditu zen.   Serengeti Tanzanian eta Mara Kenyan. Alde bitan masaiak bizi dira, “maa” mintzatzen dute, antzinako bizimoduari lotuak oraindik nahiko bizimodu  basa daramate.

  Animaliak lurraldean mugaz gain bizi dira, euriaren gibeletik ibiltzen dira. Serengetin urtaro euritsuan belarra handitzen ia ikus daitekeela erraten dute. Animaliek euriaren usaina sumatzen dute.  Euriaren arabera bizi direlako.        

Eguerdi aldera Mara ibaira hurbildu gara, bazkaldu eta ibai ertzean itzuli bat egitea da asmoa. Ibaia urez motel dago,   alde bitan krokodiloak zain daude.  Badakite zebra eta ñuak heldu direla. 

Rancher  batekin joan  gara animalien pausoa ikustera, gizonak errifle handi bat darama bizkarrean.    

─Beharrezkoa da ?─ Galde egin diot, erriflea seinalatuz.

─Bai horixe! Krokodiloak ez dira txantxetan ibiltzen ─ Erantzun dit gizonak.

─Toki beretik pasatzen dira beti animaliak?

─Ez, ibaian zehar badira gurutzatzeko moduko pasuak baina hau da errazenetakoa .

─Eta, anitz dira harrapatzen dituztenak?

─  Beno, bi egunetan ibaia odolez gorrituko da...

Rancheraren erantzunak zirrara dagit. Krokodiloa beha gelditu naiz. Ibaiaren bertze aldian dago, ederra da benetan. Eguzkiak bete-betean ematen dio  larru azal ezkatatsua  distiratsu eginez.  Muturra luzea, ahutzak nagusiak, ahaltsuak, kopetan bi begi aupatuak. Buztaneraino hainbertze luze, sabela eta hankak urpean.

Kaiera atera eta hasi naiz zirriborro batzuk hartzen.



Ez dakit ze egun den, kontua galdu dut. Ez dut jakin nahi ere. Era bat bertze mundu batean bizi naiz. Denboraren zentzua arrotza egiten zait, badirudi mende bat daramadala animalia artean. Haien bizia beharrak jarraitzen, haien munduan sartua.  Animalien elkarrekiko loturak, janari kateak, larru apaingarriak, sedukzio jokoak, ume zaintza. Haien aisialdi eta deskantsua…  hurbilak egiten zaizkit, neu ere animalia izanik...    Eguzkia goiz arratsaldez gorri-gorritzen denean, egunaren hasiera eta amaiera gaztigatuz, animaliak bezala haren arabera bizi naiz. Benetan egote ona hemengoa.     

 Goizean Kenyan  sartzeko paperak egin behar ditugu, dirua aldatu eta zergak ordaindu, supermerkatuan janaria eta edariak erosi, kamioiko upategia gasolinaz bete. Goiza osoa galdu dugu, eta masai bitxi saltzaileen matraka ikaragarria jasan ere.        
           
 “ Serengeti ez da hilko”.  Bernhard Grzimek eta bere semea bi ameslari ziren.  Joan den gizaldi erdi aldera egin zuten klasiko gelditu den dokumentalak horrela dio. Hala bedi. Maabi mendixka gailurretik ikusi eta urrunean galtzen diren zelai horixketan, ematen du munduaren borobila nabari dela.

Bernhard eta Michel zientzialari alemaniarrek Serengeti eta Maran bizi diren animalien elika beharrak aztertu zituzten. Fauna hau bizirik irauteko ehiza behin betirako debekatzea derrigorrezkoa zela argi itkusi zuten.  Aginte koloniarren oniritzia lortzen saiatu, eta denbora laburrean lurraldea gobernuak babestu zuen. Bi urte geroago Michel Ngorongoron hegazkin istripu batean hil zen. Arrano bat trabatu zitzaion hegazkinaren helizean. Aita, Alemaniara itzuli eta Frankfurteko Zoologi Elkartea eraiki zuen; Serengeti eta Ngorongoro mantentzeko dirua lortzeko. 1987an bihotzeko bat eman eta Bernhard hil zen,  eta bere borondatea  izanik, gorpua Afrikara eraman zuten. Aita semea Tanzanian dautza.                 

Bi ostruka izukor lasterka hasi dira kamioia ikusi eta. Haraxeago basurde mutur handiak muturka zizari bila ipurdia ematen digute.   

 Idazkaria deritzo. Txoritzar handi bat da. Ehunka daude belai eta zelaitan, beti bakarka eta paseoan, astiro, lurra beha, suge ehiztaria da. Egunean kilometroak egiten ditu, ez da behin ere gelditzen. Zuri beltzez jantzia mokoa gorria du. Ez da polita baina nortasun handikoa, urrunetik ikusten da. 

Jirafak larrua nabar marroi gorrixka, buru ttiki,  adar motz eta belarri tenteak, aien begi biziak tinko gure kamioia beha gelditzen dira. Zuhaitz adar janez , azpitik gora, eta gora, eta gorago … denboraren poderioz hankak eta lepoa luzatuz joan zaizkie. Txit ederrak dira, batez ere taldean, ipuina ilustrazio bat ematen du. Gustu anitz marraztu  ditut.     

Parajean milaka ñu eta zebra trostan ipar aldera bazka freskoa bila. Bufalo tropak buru makur, adarren pisua ezin eramanez.  Urrunean hauts laino uher batean bertze hainbat, lerroka, multzoka, orroka, irrintzika.   Bidea moztu digute, eta hantxe gaude lekuko mutu. Ikusten ari garena hitzez ezin baita  irudikatu.       

  Ñua itsusi mortala da, Javier Barden eta Rosi de Palmaren arteko antza dauka. Baina badu lagun polita; zebra, zaldi ttiki marraduna, Euskal Herrian ipar aldeko pottoken antza ematen diot. Elkarrekin egiten dute bidea zebra eta ñuek, zebrek bista ona daukate eta harrapariak ikusten dituzte, aldiz, ñuek ura usaintzen dute.

Antilope mota anitz daude zelai eta larretan.   Orys,  topi,  kudu oribi,  gazela, inpala… espezie gehienetan arrak soilik dira adardunak, eta  joko-loka  aritzen dira emea disputatzen. Sexu jolas ederrak dira horiek, belaian arrak ikusgarri egiten dira, dantza modura jolasten, beraien ar ikurrak nabarmenduz. Bitartean urrixek ez ikusiarena egiten badute ere inguruan gelditzen dira.   Jokoa irabazten duenak estaliko ditu taldeko emeak. Umeak edozein parke batean haurrak bezala jostetan ari dira.  Naturaren selekzioari jarraituz gotorrenei dagokio espeziaren ugalketa.        

Kudu eder bat ikusi dut,   erraten didate ez dela  erraza, kudu bat ikustea batez ere  ehiztari zuriek (Ernest Hemingway barne)  joan den gizaldian ia espezia  akitu zutelako.  Metro pare bat luze, metro  eta erdi altu. Gris antza, zazpi bat marra zurik goitik behera gorputza gurutzatzen dio, adarrak, kopetatik gibelat lau itzulian zerurantz oreka perfektuan. Muturra ttikia, ezpain zuri finak, eta begi izukorrak bat bertzeari marra zuri batez juntatuak. Zuhaixka batzuen gainetik jauzi egin eta kudua betiko basoan galdu dut.

Bi egun egin ditugu Serengetin, parkean ez da jenderik bizi, animaliek bere bizia egiten dute askatasun osoan. Gauak luzeak dira, ez naiz beldurtia baina, lehoien orroek, hienen garrasiek, tximinoen oihuek…  errespetuz hartzen ditut. Lozakuaren barnean korapilaturik geldi-geldi pasatzen dut gaua.  Goiz aldera isiltzen da oihana eta guk hasten dugu eguna. Dendak urratu, tolestu, eta kamioian bildu, gosaldu, kantinplora urez bete eta lehen argi izpiekin abiatzeko egoten gara prest.

Berriz Tanzanian sartzeko paperak egin behar ditugu…

Tanzanian ia ez da autorik ikusten, batez ere erregaia arras garestia delako. Errepideak gurdi-bide modukoak dira. Baina badago bat luzea eta zuena asfaltatua dagoena. Gehien bat turistak bideratzeko erabiltzen da. Zortzi orduko bidaia egin behar dugu eta hauxe hartu dugu. Gidaria giroa alaitzeko mila kontu kontatzen ari zaigu; lehoien sexu ohiturak, masaien bizimodu harrigarria eta horrelakoak…

Batean, urrun, errepidean traba bat dago.  Kamioiak abiadura mantsotu eta poliki-poliki gelditu gabe bide ondotik  pasatu da. Errepidean mutil bat gorputz behera datza, besoak gurutzean, eskuineko aurpegi mazela asfaltoari atxikia, ezkerreko begia zerua beha. Motoa ondoan iraulia dauka. Hilda dagoela ematen du.

Bidaiariok  oihuka, haserre, txoferrari gelditzeko eskatu diogu, baina, honek ezentzunarena egin eta  azeleragailuari hanka atxiki eta aitzina jarraitu du.  Denok leihotik begira gaude eta pare bat kotxe ikusi ditugu guk egin dugun bera egiten, bat ere ez da gelditu.  Giro kiratsean eztabaida handia sortu da kamioian.

Gidariak isilarazi gaitu.

 ─ Ezin dugu deus egin, ez da gure afera.

─Zer diozu!

 Dio emakume batek.

─Ezin dugu hor utzi !

 Bertze batek.

“ Agian zauritua zagok …” ia negarrez  diot nirekiko. Harri-harri eginda gelditu naiz,  nire ustean mutila laguntza beharrean dagoelako.

─Baliteke azpijoko bat izatea, demagun gelditzen garela,  istripua antzerti bat izatea, eta, ezkutuan dagoen mutil talde batek  ditugun on guziak ebatsi ondoren, biluz gorrian bidean uzten gaituela . Badakit gogorra dela, baina, Afrikan gaude eta, entzun ongi, hemen biziak ez deus balio, ez harenak ez gureak. Jarrai dezagun gure bidaia, honetaz ez gara gehiago mintzatuko.─Tinko bere jabegoa adieraziz erantzun digu gidariak.

 Denok mutu gelditu gara. Norbaitek garagardo batzuk upategitik atera eta isilean edan ditugu.  

         
   Ngorongoron beti da udaberria, naturaren kapritxo bat. Izena masaiek paratu zioten  “goron-goro” “tolon-tolon” behien zintzarrien  asotsaren oihartzuna adierazi nahian. 

Gaur egun ezagutzen dugun bezala duela bi miloi bat urte sortu zen, sumendi baten erupzioa eta gero. Ngorongoroko galgara deritzo,   eltze handi bat ematen baitu.  Eltzea 2.600 metro itsas mendetik gorako mendi baten barnean dago, zola berriz   1.800 metrotara, 800 metroko alde hori aldapa erroitza da, eta baso lainotsuak estaltzen du, ereinotz, sahats eta aienetan landare bizkarroi   ugari badira, eta bertan tximinoak dira nagusi. Aspaldi zaharrean bizi da gizakia eltzean. Hamar mila urteko giza aztarnak aurkitu dituzte. Harrizko azpilak egiten zituzten eta animaliak biltzeko ere harrizkoak ziren etxolak.

 Gaur egun masaiak sartzen dira aziendak bazkatzera.  XIXen gizaldi erdi aldera ailegatu ziren masaiak behiekin bazka bila; idorte handi baten ondorioz parajean belarra urritu zen eta Ngorongoro heze zela ikusirik, bertan bizi zen datoga tribua (hauek ere abeltzainak) bota zuten. Leia  ikaragarrizkoa izan zen nonbait; bizi ala hil. Masai herriak ez du ahantzi, eta bere munduan gatazka, mito gelditu da. Gaur egun oraindik  masaiek “ mangati”  (etsai bizkorra) izenez ezagutzen dituzte datogak.   Alde biak gerlari galera handiak izan zituzten, eta hildakoak elkarrekin lurperatu zituzten Lerai izeneko baso batean.      



 Bero ikaragarria egiten du. Ngorongoro kanpokoko aldeko aldapa igotzen ari garela  kamioia hondatu zaigu. Ordu pare bat egon gara bide ertzean mugitu gabe. Arriskutsua dela erran digute, lehoiak hurbilean bizi direlako. Gutira bi masai  etorri zaizkigu. Beltzez jantziak eta aurpegia zuriz margotua eta ilea luzea daukate. Armatuak daude, gudariak dira, lantza, porra, swahili-ingeles hiztegia eskuetan eta zakua bizkarrean daramatzate. Belarrietan zulo handiak belarritako luzeekin, lepoan ustei koloretsuak, eskumutur eta orkatila kolorezko uheltxoekin apainduak. Gaztetxoak dira, eta solasean aritzeko gogoarekin, kontatu digute emoran direla.   Gudariek maniobretan balira bezala. 

 Gure masaiak tratanteak ere badira. Argazki bat egin nahi duenari diru saria eskatzen diote. Zakutxoa ireki eta istant batean “top manta” delakoa belarrean zabaldu dute,   belarritakoak, eskumuturrekoak, orkatila apaingarriak…  bertan paratu eta negoziazioak hasi dira. Mzunguak  garenez   ahalik eta diru gehien ateratzea da afera.   

Konpondu dute kamioia eta bideari ekin diogu,    

 Hasieran Ngoik  egin zituen behiak, gero, Masaiak sortu eta zaintza eta disfruta haiei eman zien.( Masai ustea)   Masaien jatorria aspaldi zaharrean galtzen da. Nomadak, behi bazka bila Afrika goitik behera eginak dira mendetan.  Basa hutsak, gerrari bihurriak, azkarrak, itxura onekoak,  ondoko tribuen beldurgarriak izan dira betidanik.

  Maa mintzatzen dute, naiz eta swahili eta ingelesa era ulertu. Multzo edo klanetan bilduak zaharren erranetara egokitzen  dira. Ngoi jainkoa gurtzen dute, baina jainkoak ez die araurik agintzen. Behia eta belarra sakratuak dituzte; tribuaren  onura guztiak. Belarra eta behi kakarekin egindako etxe ttikietan bizi dira. Etxetxoaren erdian  sua , aldean bi gela, bat gizonarena eta bertzea emaztea eta haurrentzako.

 Masaiek ez dute  altzaririk etxolan, abiatzeko beti prest daude. Zazpi urtero neskatila eta mutiko multzo generazioa  erdaindu egiten dute. Gero mutilek  gudari edo emoran estatusa hartzen dute, herrialdea defendatu eta lehioi bat iltzea izanen dira beraien bete beharrak.

 Masai gazteak lehoi arra hiltzera basora taldean joaten dira , eta ez dira etxera itzultzen lehoia hil  arte. Behi bat, haratze batzuk  eta ahuntzak eramaten dituzte elika gai.  Lehoia bakarrik ikusten dutenean inguratzen dute eta argi-astean lantzekin atakatzen dute. Leia bortitza izaten da, eta hagitz zaurituak izaten dira anitzetan mutilak. Behin lehoia hila trofeo gisa zatitzen dute, burua, lehoiari lantza lehen sartu dionarentzako izaten da, buztana eta hatzaparrak bestentzako.

 Mutil taldea herrira itzultzen denean, batzuk odolez blai,  jantziak zerrendetan, baina harro eta festa giroan, herrian algarara ederrean harrera egiten diete. Zaurituak sendatu eta besta handi bat prestatzen dute. Neskek belarrekin edaria egin  eta, gero,   elkarrekin akelarre bat ospatzen dute.

 Mutila ezkontzeko prest dagonean, andre gaiak eginen dio etxea, moztuko du ilea, aitak behi batzuk emanen dizkio eta bizi berria hasiko du.

Gizarte demokratiko bat da,  gogoratzeko historia handirik gabe, egunean eguna bizi dute, bakartiak eta ausartak, egundaino ez dira menperatuk izan, hil egiten dira espetxeratzen ba dituzte. Anitzetan izurrite eta lehorteek zigortuak, erdi analfabetoak,  baina ala guztiz ere gotor eusten diote   bere independentziari.

Gaur egun masaiak erreserbetan bizi dira, Masai Mara, Ngorongoro eta Klimanjaro magalean. Itxura politekoak, larriak, kaska motz,  janzkera berezi eta apaingarri koloretsuak eramaten dituzte. Beti gogotsu dantzatu eta abesteko,  turistek haien herriak   bisitatzen dituzte, eta nire ustean ez beti onerako. Kontsumoaren kolorezko beirak antzinen bezala bertakoen liluragarri direla pentsatu dut,  piztiak uxatzeko txorimaloz jantzitako masai baten gerrian apaingarri bezala telefonoa ikusi dudanean.       

 Ailegatu gara Ngorongoro eltzearen gailurrera, egunez iristea zen asmoa eltzearen zola gailurretik  ilunabarrean  ikusi ahal izateko baina ezinezkoa izan da. Arratsaldeko seiak dira eta dagoeneko iluntzen ari da.

 Belai ttiki batean su handi bat egin eta inguruan dendak paratu ditugu, bitartean sukaldaria afaria prestatzen ari da.

Ngorongoro lurralde babestua da eta masaiek zaintzen dute. Nola nahi ere gobernuaren funtzionario dira. Belai ttiki batean eman digute baimena kanpamendua paratzeko. Dendak ezarri eta su handi bat egin dugu. Sukaldariak afaria prestatzen digun bitartean arropa zikina zaku batean sartu eta masaiei eman diegu garbitzeko. 5 dolar zakurako eskatu dizkigute eta pozik eman dizkiegu, beraz bazuen gure arropak garbitzeko premia. Mutilak su handi bat egin eta lapiko erraldoi batean lixiba egiten ikusi ditut.

“Gaur, uztailak hamaseigarrena du, eta ilargi betea dugu ” dio gidariak.  

Hogeita zortzi egunero osatzen da ilargia Ngorongoron eltzea argituz eta guri suertatu zaigu.

 Magikoa iruditu zait, ilargi zurixka mendi artean ateratzen ikusi dudanean   
 Su inguruan afaltzeko eseri garenerako ilargia gainean dugu.
 Txuri, txuri elegante argitzen digu mahia.
 Hurbil, argi zurinpean  zuhaitzak gizandiak dirudite, noiz zurrumurruka noiz txistuka,  kilker abesbatzaren  kontzertua jarraitzen.
 Umel eta hotz dago. Naiz eta su ondoan, artilezko elastikoa paratu dut.
 Ez dut lo egitera joan nahi, ilargia mendi artean galdu arte hemen gelditu nahi dut...
 Bat batean harako ezin egona nabari da taldean; neu ere zutik jarri eta saltoka hasi naiz
”Xinaurri matxinada “─ alajainkoa!
 Zangoak gora gorputza inbaditu didate xinaurriek. 
 Talde osoa berdin dabil, hau da saltoka.
 Dendetan sartu baino lehen garbitu behar ditugu xinaurriak, eta tximinoak elkarri zorri kentzen aritzen diren antzera, hasi gara denda lagunak bat bertzeari xinaurriak lekutzen.

 Argi-astean ongi gosalduak hiru autotan  eltzearen pareta jaisteko prest gaude. 

Ihintzez blai, lainoak hartua dago Ngorongoro,  ia urte osoan horrela ernatzen da.    

Bidexka estua eta zakarra da, gure automobilak ibili baino trostan egiten du.
Ez da erraza eltzearen zola deskribatzea. Batez ere ez dudalako horrelakorik egundaino ezagutu, ezta antzekorik ere, emozio handia dagit,   

 Baratza  borobila eta zelaia da, hogeita zortzi kilometroko diametroa dauka eta bertan badaude hiru aintzira, bat gazia, bi geza,  ibai bat eta akazia baso bat, bertzeak bertze. Goizean lainoz estalia, ematen du eltze bat taparekin. Eguerdi aldera lainoak zulatu dira eta eguzkiak laku gazia ispilu balitz zilarrezkoa bihurtu du, ertzean  marra arrosa bat, flamenkoak dira.  Aldiz, laku gezak urdin ilunak dira. Eta hipopotamoen eraginez haien  bazterrak beltza hartzen dute.     

Ngorongoron orain arteko ibilaldian  ikusi ditugun animalia guziak jirafak ezin  ezik bizi dira. Jirafek ezin dute eltzearen erroitza jaitsi, hanka luzeak dituztelako. Hemengo piztiek ez dute gizonen beldurrik, ez dute ehiztaririk ezagutu.    

 Pikondo berde ilun erraldoiak txori koloretsuz beteak.
Kanaberatan bele eta zozo elkarrekin.
Ur-paduran ahate, antzara eta piruak arrantzan,
 Arranoak haratustel bila hegaletan.
Milaka txori koloretsu   artottiki eta gari mokoka.

Belarra horixka dago, milaka zebra eta ñu jaten ari dira. Bufalo kafre talde bat etzanda, deskantsuan. Errinozeronte beltz bat bere umearekin bazkan, haren ondoan txori txuri lirain bat belar izpi artean.    

Elefante zahar bat, ur liliak eta kimu beratzak jaten. Ez da eltzetik aterako, bertan hilko da. Haginak galdu ditu eta ezin du belarra matxikatu. Gertu elefante hilerri bat dago hezurdura zuriz estalia.       

 Lehioi familia bat ehizara atera da, bortz dira, bi eme, ar bat eta bi ume.
Lehoi-aldea astiro belai gurutzatzen ari da. Aitzina begira.

 Ostruka  ar bat emea erakartzeko dantzan ari da, bat batean dantza bertan behera utzi eta  ihes egin du.

Zebra bat buru tente adi dago.
 Ostruka ezkutatzen ikusi du.

 Handik gutira zebrak bere susmoa ziurtatu du, lehoi aldea heldu da.

 Zebrak Irrintzi batekin taldea abisatu eta denak batera  lauoinketan  ihes egin dute.
 Eta haien gibeletik ñuak.  

Kotxeak gelditu eta isil-isilik gaude.

 Heldu dira lehoiak, gure automobilaren ondo-ondotik pasa dira, lau metrotara ikusi ditut. Arra liskarrean ibilia ematen du, itsuski zauritua dago.  

Nire lagunak eroak bezala argazki egiten, ni berriz  kaiera eskuetan  ahal dudan moduan marrazten.

Lehoiak jaramonik egin gabe, astiro, baldar, lerroz lerro zelaia gurutzatzen ari direla bistan galdu ditugu.  

Ostrukak lasaitu direla ematen du eta hurbildu gara ia berriro arra dantzan  ikusten dugun. Eta ikusi ere… ostruka arrak isats azpian harako poltson  zuri bat dauka, isatsa haizemaile modura astinduz emearen aitzinean dantza egiten du. Ikuskizun txit ikusgarria da, edertasun handiko balet bat. Emeak muzin egiten dio baina arrak ez du amore ematen eta dantzan ikusi dut  zuhaizka batzeren gibelean bikotea ezkutatu den arte…

Belaia senda belarrez betea dago, inarra loretan, krabelinak eta izpilikua ere. Kamamila eta erromeroa, anisa, ezki-orea eta berbena,  ziapea eta jengibrea eta denen usainaren ufada bakarrean erle eta liztor lanean.

Badira ere lore apaingarriak. Bioletak, bitxiloreak, kuku prakak, lirioak, hiazintoak,. Kaktus erraldoiak armiarma sarez beteak. Arrosak  zuhaitz gora eta kolore guztietakoak. Huntz-hostoz estalitako zuhaitzetan huntzak altxapean. Intxaurrondo eta urritzetan katagorriak adarrez adar.

Lerai akazia  basoraino ailegatu gara.  Basoa estua eta itzala da, eta akaziak erraldoiak. Tximinoek adarrez adar ate-morroi   masaien baso sakratua zaintzen dute. Egundaino inork ez du ezta adar bat ere basoan mozten.  Guda handian  datoga eta masaien hilotzak akazien oinetan ehortzi  zituzten eta hilerri profanazio bat lirateke.
     


Eguerdian  gelditu gara turistentzako toki  babestu batean bazkaltzera.
 Automobiletatik ateratzeko toki bakarra da.
 Eltzean gauden arrotz guztiak elkarrekin gaude. 
Gehienak ogitartekoa eskuan.

Txori beltz alde bat arrapaladan gainera etorri zaigu. Turisten jakia maite dutela, eta erne ibiltzeko  komenioa eman digu gidariak, ogitartekoarekin batera txoritzarrek hatz bat kentzen ahal ligukeelako . Tankera oldarra hartu diegu eta lasterka sartu gara automobilean.

Bazkal ostean eguzkia apaltzen hasi da, lurrak lanbroa dario,  hotz eta heze giroa sumatzen da. Parkean egoteko dugun baimena arratsaldeko lauretan amaitzen da, beraz ez dugu denbora gehiegi eta mantso-mantso  abiatu gara irteerara .

 Animaliak gaua pasatzeko egokitzen ari dira: Belar jaleak hausnarrean daude, taldeka, lerrotuak, batzuk etzanda, bertze batzuk zutik elkar euli garbitzen. Zebrak marra nahasian buru tente beti adi, gertu ñuak arriskua aise nozitzeko. Hiena eta arrano lepo soilak  lehoi bazkariaren arrastoak garbitzen.

 Eguzkia bere eguneroko adioa egiten hasia da, urrunean masai mutilak  arratsaldero bezala eltzetik ateratzeko behiak bildu dituzte. Bihar goizean sartuko dira, mendetan eguna joan eguna etorri egin duten modura.

 Bide ertzean legio-nabarra etzanda, lo dago.

Aldapa gora, eltzearen pareta basotsua jada  lainoak hartzen ari da. Gibelat beha baratza desitxuratzen ikusten ari naiz. Eta begiek malkoz betetzen ari zaizkit. Badakit ez dudala berriz etortzeko aukerarik izanen .Munduan den lekurik ederrenean egon naiz, eta   libro sentitzen naiz. Kaieraren orriak bete ditut. Zakutoa sentsazioz gainezka, naiz eta pisu aise daramat.

ZANZIBAR

Uztailak 18   
Arushako aireportu aldera goaz, hegazkina hartu eta Zanzibar irlan geldituko gara, bertan hiru egun eginen ditugu.  Urrunean Klimanjaro mutur beltz, kaska zuri ageri da.

Zanzibar Tanzanian dago, Hindiko ozeanoan dago 1.600 kilometro karratu dauzka eta miloi bat biztanle. Swahili herria da. Stone Town  du hiriburua.    
 Zuria, gorria, beltza. Ederra. Hiru egun egonen gara uhartean. Itsas gorarekin batera ailegatu gara.  Ura epel-epela dago eta gazia da. Hartu dugun ostatuak, hondartzan ederki kokatua, arrunta bada ere luxuzko terraza dauka.  Zuhaitz erraldoi batzuen azpian etzanda egoteko amaka batzuk dauzka. Zernahi fruitu zuku bertan lau sosetan hartzen ditugu.  Otorduak ere hantxe lagun batekin eginen ditut. Itsaskiak eta mariskoa, arroza eta barazkiak, iltze-kanela eta nahi haina  espeziekin hornituak jaten ditugu.   

 Ilunabarra gozoa da. Haize epel iltze-kanelaz lurrinduak  ferekatzen gaitu. Itsasbehera hagitz handia da, itsaspadurak pare bat kilometro hartzen ditu. Bertako emakumeek itsas belarrak biltzen ari dira. Hauek kotoizko jantzi luzeak daramatzate,  zango erdiraino sartzen dira uretan, oihal bustiek gorpuari atxikitzen zaizkie eta zein lamina sentsualek itsasoko arrantzaleak erakartzen dituzte. Area zuri-zuria da; honen bazterra koralezko arrokek babesten du, non  itsaso esmeralda lehertzen da. Ederra eta aberatsa da benatan tokia, itsas belarrak mila koloretakoak dira, barraskilo polit eta molde anitzetakoak daude, belakiak,  koralak...                 

Uztailak 20
Bi egun hondartzan egon ondoren Harrizko Irira joan gara. Shangani merkatari auzoan  hartu dugu ostatu. Hiriko alde zaharreko kale estuetan denda anitz daude eta jendez lepo. Denen gainetik  Meskiten minareteak zerurantz. Oraindik esklabo tratanteen jauregi ospetsuen aztarnak begi bistan daude, esklaboak  biltzeko erabiltzen zituzten aretoenak ere. Mendetan izan baitzen Zanzibar esklabo saltzen zituzten munduko merkaturik handiena.  Hiria bizia da, arraza eta sinesmen guzietako jendea dago. Norbera bere modura jantzia, badira masaiak haien soineko  eta apaingarri bereziekin, soineko arin eta sentsualekin jantzitako   emakume afrikarrak, gizonezkoak soineko zuriz jantziak, edo galtza bakeroekin, era bat beltzez estalitako emazteki islamiarrak… eta  turistak, hauek nola nahi apainduak: gaizki, noski.


Swahili gizartea mestizoa da, bi munduren  gurutzatze bat. Afrikako mendi eta landetatik bantuak ekialdeko kosta aldera hurbildu ziren. Denbora berean itsasoz persiarrak, arabiarrak, indiarrak… ailegatu ziren haien kulturarekin. Elkarrekin hasi ziren bizitzen eta bakoitzak berea ondokoarekin konpartitu zuen. Harrigarria badirudi ere herri bat sortu zen. Bantu afrikar hizkuntza mintzatzen zuten ekialdeko kultur islamiar batean.
Swahiliak  gaur egun berrogeita hamar miloi hiztun dauzka, naiz eta, aldi berean  bertze ehun bat hizkuntza ere bizi-bizi iraun.

Zanzibarek kai bazterrean parke batean afaltzen  dute. Hainbat txosna moduko aretoak jartzen dituzte eta bertan sukaldariek prestatzen dute janaria. ─Eta, ze janaria! Familia osoak joaten dira bertan jatekoa erosi eta eserleku publikoetan eserita afaltzera.
─Zer iruditzen zain  hemen afaltzen badugu?─ Galdetu diot nire lagunari.
─Ba, bai zergatik ez? ─ Gogotsu erantzun dit hark.
Plastikozko platertxo bana hartu eta txosnaz txosna itzuli bat egin dugu. Ez da erraza aukera, arrozak, barazkiak, bildots errea, oilaskoa, olagarro, txipia eta txipiroiak plantxan. Otarrain eta otarrainxkak…
 Lagunak ukondoz besoan eman dit, bildots errearen gainetik lastozko haizemaile batekin  euliak nola uxatzen ari diren seinalatuz.
 ─Begira ezan hori….
─Bai, ikusi dinat. Lasai, lasai, hau Afrika dun neska…─ Gogoarazi diot, eta irribarretsu jarraitu dugu.
 Nik  arrain errea eta txipia, plantxan egindako barazkiekin hartu dut. Platera gainezka esertzeko toki bat bila ari garela, emakume batek keinuka deitu digu, burua estalia dauka, baina ez aurpegia; senarra bi alaba eta edadezko emakume batekin dago eta tokia egin digute eserlekuan.
─Where do jou come from?─ Sinpatiaz galde egin digu.
─Europa… europarrak gara…─Biek batera erantzun diogu.
Musulmanak dira,  gustura egon gara berbetan, erdi ingelesez, edo keinuka, baina elkar ulertu dugu. Jakin-minez eten gabe ari zaizkigu galdeka. Zein den gure lana, bakarrik joanak garen, nor den gure jainkoa…      Edadezko emakumeak gure senarrak no diren galdetu digu. Guk ez dugula senarrik erran diogunean, harrituta gelditu da, gaztena berriz, ia irriz lehertu da. Neskatikoek gure apaingarri eta eskuek ukitzen dizkigute. Gizona irakaslea dela erran digute, emaztea etxekoandre, haurrak ingelesez eskolan ikasten ari direla, swahili eta familiako betiko hizkuntza ere badakizkitela .
 Ia iluntzen hasi denean, besarkada batekin anfitrioiek agurtu   eta sentsazio on batekin  hotelera abiatu gara.
─Ongi afaldu dinagu.─  Ezta? ─ Erran dit lagunak.
─Bai halaxe dun, agian, baso bat ardo faltan sumatu dinat… Baina musulmanek ez  diten alkoholik edaten hortaz…Akuna matata





Uztailak 21
 Goiz jaiki gara, uhartean gure azken orduak  dira,  eguerdian abioia hartzekoak gara, eta hotelean galdetu dugu ia badagoen edozer interesgarria goizean ikusteko. Arraina enkantean ateratzen dutela eta   ikusgarria dela erran digute eta hara joan gara goizeko zazpitan. Hiriko kaleetan jende guti dabil, kale garbitzaile-enbat, gizonezkoak lanera, meskitetara, haurrak eskola aldera, baina bezperen ikusitakoarekin deus parekorik. Ez dago turistarik, ile hori bakarrak gu biok gara, ez gaituzte begiratu ere egiten.   Arrandegia, edo  arraina enkantatzen  duten aretoa, hiri erdigunetik gertu dago, areto beltz erraldoi bat da. Arrantzaleek gabez arrantzatutako arraina oraindik bizirik dakarte, garraio mota guziak erabiliz. Bizkar gainean, bizikletaz, esku gurdiz. Ezpata arraina buztanetik helduta arrastaka… Aretoaren erdian dago baskula, ezinezkoa haraino ailegatzea. Oihu-erausia itzala da, jasan ezina. Arrantzaleek iritsi ahala lurrean mukurutzen dute arraina, txipiroiak, sepiak, olagarroak, hauek ihes egin nahian espaloian zehar...   Usaina hagitz pisua eta sakona da. Ehunka gizon izerditan, oihuka, elkar bultzaka. Gizon larru beltzak, kaska motz, handiak, sendoak, gerrauntzitik gora gehienak biluzik, besoak gorantz…   antzinako garai bat iradoki didate…

Lola Sarratea
http://lolasarratea.blogspot.com 


              





No hay comentarios: