jueves, 26 de abril de 2012

LANZAROTE

LANZAROTE Titerogakaet (“errea dagoena”) izena tuarega da. Tuaregak izan baitziren irlako lehen biztanleak, K.a. 500. urte inguruan ailegatu zirenak. Mintzoa, sinesmenak, ohiturak, gameluak, eta beren bizimodua ekarri zuten. Larriak eta itxura onekoak zirela diote garaiko kronikek. Familia multzoetan bildurik bizi ziren eta etxeak bi partetan eginak ziren, lehenengo solairua lurpean eta bigarrena airean. Emaztekiek gidatzen zuten multzoa, poliandria praktikatzen zuten, eta hiru senar izan zitzakeen emakume bakoitzak. Senar nagusia bizi zen etxean, eta ilargiaren arabera txandakatzen ziren bertze biak, emakumea bisitatzeko. Bazegoen ohatze abegitsua; hau da, arrotz bat etxera ailegatzen bazen, senarrak emaztearekin oheratzeko baimena ematen zion. Laborea eho eta urarekin nahasi ondoren, golio zeritzoten orea prestatzen zuten eta hartaz elikatzen ziren gehien bat. Zeramika ezagutzen zuten, monoteistak ziren eta eguzkia gurtzen zuten. Baliteke Tamahak mintzatzea, ezen, Tifinagh (tuareg idazkera) hizkiak harrian zizelkaturik aurkitu baitira. Lanceloto Malacelok aurkitu zuen irla 1312an, eta izena aldatu zion. Gaztelu bat eraiki eta berrogeita hamar urtez bertako aberastasunak murriztu zituen, orcila batez ere. Tindu gorria egiten zuen mineral hagitz preziatua zen orcila delakoa. Gazte anitz ere egin zituen esklabo, gero Mediterraneoko kaietan saltzeko. 1377an, ekaitz batean ondorioz galdu zuen Ruiz de Avellaneda kortsario bizkaitarrak itsasontzia Lanzaroteko hondartzan. Hasia zen ordurako bertakoen gainbehera, eta Zonzamas erregeak, aliantza bat egin nahian, bere aterpe eman zion jauregian kortsarioari, erreginaren ohatze abegitsua ere eskainiz, ohitura zen bezala. Avellanedak sei hilabete egin zituen irlan eta beste hiruren buruan eduki zuen Faima erreginak neskatiko larru txuri eta ile hori bat. Ikko printzesa zen, Guadarfia irlako azken erregearen ama izango zena. 1402an, indarrez sartu zen irlan Juan de Bethencourt kortsario normandoa, eta guztiz menperatu zuen lurralde osoa Espainiako erregearen izenean. 1730an irailaren lehendabiziko egunean, goizeko bederatziak eta hamarrak bitartean Timanfaya herriaren inguruan lurra lehertu zen, eta, sua eta laba zeriola mendi bat atera zen zerurantz… Idatzi zuen Andres Cubero apezak. Biztanleek ikara larrian egin zuten ihes. Hurrengo sei urteetan etengabe jo zuten su eta gar hogeita bortz sumendik, eta uhartearen laurdena suntsitu zuten. Ordura arteraino, Pleistozeno garaiko sumendi amatatuen oinetan laborantzan eta abeltzaintzan ari izanak ziren bertako biztanleak lurralde hartan. 420 baserri labaren azpian gelditu ziren. Isiltasuna egin zen, bizia akitu eta erre usaina ikaragarria izanen zen, oraindik ere sumatzen baita. Gaur egun laba beltzean mahatsa ekoizten dute, ardoa egiteko. Eraikinak, Cesar Manrique arkitekto artistak bultzaturik, ingurugiroan integratuak, zuriak eta apalak dira.

No hay comentarios: