jueves, 3 de diciembre de 2009

Sixtina kapela


Gaur, 6 orduko ibilaldia eginen dugu. Argi hastean atera gara ongi gosalduak. Motxilan ura eta eguerdiko otordua. 1800 metrotara igo behar dugu. Mendi mazela harritza eta gogorra da . Hortaz eguzkiak berotu baino lehen ailegatu nahi dugu. Gabarain ordokiak Libia eta Argelia mugan, sumendi baten ohatzean kokatua hiri magiko baten antza dauka. Harrizko bloke erraldoien sotoek eta terrazak , kale, zumardi eta enparantzetara ematen dute . Eta badira kale nagusiak, enparantza printzipalak eskulturekin hornituak . Auzo xumeak, kale estuekin. Jauregiak zutabe zizelkatuekin. Iturri agorrak . Errota etxeak ehunka hego-harri antzurekin .

Munduko haitzetako artearen kapela “Sixtina” bezala ezagutzen da Gabarain haitzuloetako margo bilduma. Henri Lhote frantziar ikertzaileak denbora luzea egin zuen bertan bizitzen eta 1957 urtean ikerketa zabaldu zuen. Duela hamar mila urte paraje hauek umelak , emankor eta hostotsuak ziren ,bertan zibilizazio dinamiko bat gauzatu zen . Ez dakigu zein zen artista hauen asmoa egoitzak dekoratzean. Nola nahi ere bere biziaren berri utzi zuten. Badakigu abeltzainak zirela, ehiztariak, eta zirrika ezagutzen zutela. Lurraldean bizi ziren animalia eta piztiak ongi irudikatuak daude. Lehoia, jirafa, antilopea, elefantea, hipopotamoa basahuntza, behia, zaldia, kameilua… Ehunka pertsonaia abereekin, ehizan, dantzan… gizarte antolakuntza tribala zela ematen du. Marrazkiak eta grabatuak goi mailakoak dira, pigmentu gorrixka, zuria, beltza erabiltzen zuten eta arras ongi iraun du oraino. Pertsonai anitzek emazteki antza daukate, gerri fina, bular keinua,eta zango sendoak gona motzaren azpian. Lirainak eta malguak zein balet dantzariak balira.

KAPELA

Ikusteko egin KLIK

No hay comentarios: