miércoles, 12 de marzo de 2008

Azken Agotea

ITZULERA

Bizitzaren arratsean nire jaioterrira itzuli. Horixe zen nire ametsa. Udaberriko zelaiak nituen gogoan, haurtzaroko arratsaldeak. Nire gurasoek, laneguna amaitu ondoren larrainean hartzen zuten atseden. Ordu magikoa zen guretzat, haurrontzat. Basatien antzera katuei segika jolasten genuen, zuhaitzetara igoz edo apoak harrapatuz. Bailara honetan udaberria ederra da, oso ederra: neskatxa bat bezain osasuntsu eta freskoa, pubertaroa bezain aldakor eta garratza. Ezustean eta bat-batean eztanda egiten du, bizigarri eta lizun. Unerik gorena San Juan gauekoa izaten da: sorginak matxinatu egiten dira eta ilargiari eguna luzatzeko eskatzen diote, bere argi zuri eta magikoak dena alda dezakelako. Dionisos ere gonbidatu egiten dute, gehiegikeria eta haragikerien jainkoa. Akerraren gaua da, mandragora gaua, lebitazio gaua, akelarrea.

Berrogeita hamar urte beteta itzuli nintzen bailara hartara. Etxetxo bat erosi nuen, ilusio handiz konpondu nuen eta hantxe antolatu nuen nire grabatu-estudioa. Bidegurutze batean zegoen, berrogei metro kuadroko zoruan eta atariaren gainetik bi solairu zituen: bi solairu haiek inguruko etxeak baino altuago egiten zuten nirea. Aspaldian utzita zegoen, erasoak jasanda, minez, baina zutik. Duintasuna nabari zitzaion, lotsagabe ageri zen. Gaztelu baten ondoan zegoen, egun monumento historiko izendatuta dagoen gaztelu baten ondoan, “Dorrezaharrea”.

Gogoan dut hau guztia noiz hasi zen. Udako egun eguzkitsu bat zen, urteak 1999a zuen eta etxeari “Salgai dago” karteltxoa zintzilik ikusi nion. Herria eguerdi-ondoko lo-kuluxkan zegoen. Etxeetako leihoetan geranioak eguraldi beroaren babesean zeuden, itzalean, pertsianapean, irmo. Isiltasuna eta lasaitasuna. Etxe aurrean zegoen harraskaren ur marmaria entzuten zen. Herria leku baketsua zen. Paradisua ez da gezurretako kontua. Erdibidea, ordea, gezurra dela ikasi ahal izan nuen. Paradisua edo infernua. Ez dago besterik.

Biharamunean agentziakoari deitu nion. Ordaindu beharrekoa bidezkoa iruditu zitzaidan eta etxea erosi nuen. Bi hilabete ondoren eskriturak sinatu eta giltzak eskuratu nituen.

Nik neuk konpondu nahi nuelako erosi nuen etxea. Bi ikasle kontratatu eta etxea biluztu egin genuen, jatorrizkoa eta berezkoa agerian utziz. Usteldutako sabai aizuna puskatu genuen eta paretetan hezetasunez gainezka zegoen igeltsoa kendu genien harriei. Ohol arruntak kendu genituen, eta lehendik zeuden oholtza zahar bezain ederrak agerian utzi genituen, konpondu zitezkeelakoan. Inoiz oholtzen artean egon ziren tarteko adreiluak ere kendu genizkien. Askatu egin genuen etxea.

Sukaldea lehen solairuan zegoen. Etxearen zatirik garrantzitsuena zen eta guztiz desitxuratua zegoen. Hormak lauza itsusiz estalita zeuden eta lurra baldosa arruntez. Etxeak, material arrotz horiek kentzen nizkion heinean, irrifarre egiten zidala zirudien, kontent, eta gorderik zuen altxorra non zegoen esaten ari zitzaidan, pixkanaka. Bi aste eman nituen lauzak eta guztiz erreta zegoen sukalde ekonomika hura kentzen. Lanak aurrera egin ahala zur eta lur gelditzen ari nintzen. Burdin zahar, adreilu, igeltsu erdi ustel eta porlan zatien azpian jatorrizko sua zegoen, erabilpenak higatutako sua. Suaren ondoan, 60 zentimetrora, paretean sartutako labea zegoen, sukalde ekonomikoa jartzean apurtutakoa, modernitatearen ondorioak. Eta alboko paretean garbitoki izugarria aurkitu nuen. Harriz egindako kubo bat: metroa sakoneran, 70 zentimetro luzeran. Ura kanpora bideratzen zuen, pareta zeharkatuz. Eskuinaldean hautsontzi bat zegoen, erabiliaren erabiliaz hau ere higatua. Garbitokiari azken ukitu zoragarria emateko arabiar estiloko silleria harriz egindako leiho bat zeukan. Elemento hauek guztiek modu perfektuan osatzen zuten etxearen egitura.

Azuleiuak altza egin behar ziren. Porlanaren gainean ondo itsasita egonda ere haiek kentzea erraza izan zen, hainbeste mendez hantxe iraun zuten harlauzek ez zutelako akaso ezer jakin nahi porlanarekin eta ia askatuta zeuden.
Harlauzen artean XVII. mendeko bi txanpon aurkitu nituenean, gainezka sentitu nuen nire burua: txanpon haiek Nafarroako ezkutua bertan landuta zuten!

Harriduraz begiratzen ninduten bizilagunek. Zelatan zeudela ere iruditzen zitzaidan. Alboko bi etxeetan ez zen inor bizi baina oiloak eta untxiak biltzen zituzten han. Baratzea ere landatzen zuten eta aitzakia horrekin egun osoa nire etxe inguruan egiten zuten. Hiru gizon haiek erretiroa hartuta zuten eta zeregin handirik ez, nonbait. Nik ez nien jaramon handirik egiten eta nire kontuekin jarraitzen nuen. Egun batean haietako batek, ausardia osoz, igeltsero lana ez zitzaidala komeni esan zidan, emakumeek halako lanak egiteko ohiturarik ez zegoela herrian. Esames hauek oso dibertigarriak ziren niretzat baina handik astebetera, arraultzeak erosten nizkion beste bizilagun batek bere oiloek arraultzerik ez zutela jartzen esan zidan. Kezkatu egin nintzen, arraultzerik gabeko oilo haiek nire bizitzan zer ondorio izan zezaketen asmatu nahian.

Udazkena aurrera zihoan: laister euriak gogotik egingo zuen eta teilatua konpontzeko garaia iritsi zen. Aditu bati deitu nion. B
Teilatu berria egin behar zen, han zegoena guztiz hondatuta zegoelako. Estalkia mantentzen zuen masta haritza zen. Pipiak jandako zati batzuk izanda ere, haritz sendoa zen eta ez nuen aldatu nahi izan. Teilatua amaitu eta ataria antolatu nuen bertan lan egiteko. Tximinia jarri nuen, kumuna, dutxa eta guzti, eta sukalde txiki bat, sukaldeko lana egiteaz gain nire grabatuen plantxak egiteko balio izango zuena.

Leihoek eta sarrerako ateak asaldatu egin zituzten nire bizilagunak. Leihoetan beira bakarra jarri nuen argi gehiago izateko. Herriko jendea ikustera etortzen zen, “gortinak jarriko dituzu, ezta?” esanez. Nik etxea kanpokaldetik begiratzen nuen, teilatu berria gainean zuela. Harrizko pareta zaharrak ederrago bihurtzen zituzten beirazko hutsune haiek. Etxeak “horrela ondo dago” esaten zidala zirudien. Eta bizilagunei ez nien erantzun ere egiten.

Lan gehiago nuen oraindik: azkena. Atariko lurra konpondu behar nuen, bertan zegoen porlana oso zatarra zelako eta jatorrizko harlauzak azpian egongo zirelakoan apurtzen hasi nintzen. Bakarren bat aurkitu nuen paretari itsasita eta porlana kentzen jarraitu nuen. Atseden hartzen nuenean pasian errekaraino joan eta uharriak hartzen nituen: pixkanaka mosaikoz egindako solairua osatu nuen.
Honelaxe pasa nuen negua, nire estudioko lana eta etxekoa tartekatuz. Lan handia zegoen eta presarik ez nuen.

Etxeko eskriturak oso zaharrak ziren eta ez oso argiak: lurzorua noraino iristen zen azaltzen zuen baina lurra hitza bera ez zen ageri.

Bizilagunen baratzak etxeko hormen ondoraino iristen ziren, bertaraino. Larrainari zegokion lurzatia ezin zen erabili, ezkerreko etxera sartzeko eraiki zuten sarrera baten erruz eta ondorioz bizilaguna etxeko sarreratik zentimetro gutxira pasatzen zen kotxe eta guzti. Sarrera hura zuela hamar bat urte eraiki zutela esan zidaten eta aurrekoa nire larrainetik 30 metrora zegoela. Libre geratzen zitzaidan zatitxoa etxearen eskuinaldean zegoen, 20 metro kuadroko zatitxo bat zen: lorategitxo bat jartzeko oso aproposa.

Etxea erosi nuenean, onibar zerbitzuko agenteak lur hura nirea zela esan zidan eskriturak ematerakoan, baina Udaletxera joan behar nuela katastro kontua konpontzera. Zergatik ez ote nintzen berehala joan? Horren damua dut.

Bidera ematen zuen zatia garbitu nuen eta pareta edertu asmoz mahats-parra eta glizinia landatu nituen. Belarra ere landatu nuen eta zuhaiska batzuk ere jarri nituen albotan. Eserleku bat atondu nuen gliziniaren norabidea zuzendu ahal izateko.

Etxe hark harriduraz begiratzen ninduen: bera, hain ahula izanik, hainbestetan iraindu zuten… Eta ni berriz, hain ausarta nintzen! Nahi nuena egiten utzi zidan: berriz irainak jasateko gogorik ez zuelako izan zitekeen edo emetzat zuelako bere burua.

Lorategi ederra loratu zen, igokariak paretetik gora zihoazen, zuhaiska hazten eta arrosa-landarea lorez gainezka jarri zen. Nik neuk egindako mahaitxo bat jarri nuen eserlekuaren aurrean eta hantxe egiten nituen otorduak.

Apirila amaitzear zegoen. Ostirala zen, goiza, eta ohi bezala, hondartzan nuen apartamenduan asteburua pasatzera nindoan. Zerbaitek itzularazi zidan arratsaldean, ezustean. Iristean baratzeko bizilaguna aurkitu nuen, arraultzerik gabeko oiloak zaintzen zituen hura: nire lorategi eta bere baratzaren artean zegoen atetxoa botatzen ari zen! Zertan ari zen ikusi nahian, harrituta hurbildu nintzen baina bere jarrerak eta hitz egin nahiak zeharo beldurtu ninduen. Etsi-etsian telefonoa hartu eta lagunei hots egin nien baina ez nuen inor topatu. Herritarrak euren etxeetan sartu ziren. Larunbatean, nire bizilagunak eta bere bi koinatuek nire etxe ondoko paretean metroko sarrera egin zuten traktorea pasa ahal izateko. Nire lorategia txikitu egin zuten eta inork ez zuen txintik ere esan. Ezikusiarena egin zuten guztiek.

Bidegabekeria honek gogoetara eraman ninduen. Sukalde zahar hark izan behar zuen erantzuna. Etxe hura xumeegia zen halako sukalde ederra izateko. Arropa garbitzeko erabiltzen zuten hauts-ontzia oso sakona zen eta asko erabilita zegoela argi ikusten zen. Gehiegi. Zalantzarik gabe etxe hartan arropa garbitzen zuenak beste batentzat garbitzen zuen. Inguruko etxeei erreparatuz, abereak sartzeko inolako aterik ez zuela ohartu nintzen. Gainera haietako etxe bat bi aldetara handituta zegoen eta teilatuek tximinia zuten. Beraz, etxe haiek bizileku izan ziren. Noren bizileku?

Inguru hura agotea zen. Nire etxea zen hartan Dorrezaharreako zerbitzariak bizi izan ziren eta nire sukaldean euren jaunaren arropa garbitzen zuten.

AGOTEAK

Goiz Erdi Aroan, talde behartsu, jazarri eta gaixo bat Pirinioetara iritsi eta bertan gelditu zen. Ilehoriak eta sendoak ziren. Jakin ez dakigu nondik zetozen. Historiagile batzuren ustez Carlomagnoren tropelekoak ziren, Erronkariko porrotaren ondoren hantxe utzi eta taldean ospa egitera behartu zituzten. Pirinioen alde bietan kokatu ziren eta bortizki zokoratu bazituzten ere hantxe gelditu ziren.

Eliza bereziki krudela izan zen beraiekin. Ohitura berrien ekarle izanik eliz ierarkia zorrotza arriskuan jar zezaketen, nonbait. Jende hau baztertzea eguneroko bihurtu zen, ohitura. XX. Mendearen hasieran ere elizara sartzeko alboko ate bat erabili behar zuten eta beste bizilagunen atzean zutik egotera behartuta zeuden. Agote eta bertakoen arteko ezkontzak debekatuta egon ziren mendeetan. Herri batzuetan, euren haurrak bataiatzerakoan, bataiarriko ura emateko makil bati lotutako oihal zati bat erabiltzen zuten, ur bedeinkatua kutsa ez zezaten. Agoteek, aldiz, urteak eman zituzten Aitasantuari laguntza eske, Kuaresma hasieran hautsak beste bizilagunen moduan hartzeko aukera izan zezaten.

Eliza krudela izan zen, bai, baina baita euren bizileku bihurtu zituzten aran haietako biztanleak ere. Auzokide eskubidea debekatu zitzaien. Ezin zuten lurren jabe izan, ezta etxabererik izan ere. Errekan arrantza egiteko, ogia egiteko ezkurra jasotzea eta basoan egurra biltzeko debekua zuten. Jaietan ere herriko plazan dantza egitea debekatzen zitzaien. Debeku bat bestearen gainetik, bat bestearen ondotik: debekuz gainezka bizi ziren.

Bizirik irauteko instintoak artisau bihurtu zituen agoteak. Artisau zoragarriak: arotzak ziren, errementariak ere bai eta harria lantzen zekiten. Beraiek landutako armarriak azaltzen dira lanerako erabili zituzten etxeetan. Nahiz eta biztanleentzako armarriak beraiek landu, euren etxeetan ezin zituzten jarri.

Nobleziak euren lurretan kokatu zituzten, talde txikietan bilduta eta inguruko etxeak baino txikiagoak ziren etxeak eraikitzeko eskubidea emanez. Etxe hauek elkarren ondoan egoten ziren eta seme-alabak ezkontzerakoan eraikinak egiten zituzten, hauei itsasita. XVIII. mendeko dokumentu batzuk debekua azaltzen dute. “…Familiak osatzeko helburuz etxeak egitea debekatuta dago…” Gaur egun gazteluen inguruan halakoak ikus daitezke, askotan baserri bihurtutako etxeak. Talde hauetako agoteak euren etxeen jabe ziren baina ez lurraren jabe, eta ez zituzten euren izenean erregistratzen. Jabegoa seme-alabengana notari-ahalordez bideratzen zen.

Aran hauek poliki-poliki doaz modernitatearen bidaian. Inork ez du agoteez hitz egiten, baina haiek jasandako estigmak bere arrastoa utzi du eta kanpotarrarekin mesfidati eta krudel izatera bultzatu dituzte. Jauntxo izena ez da esistitzen baina bai izaera. Izena izan zuenak bizirik jarraitzen du. Interes ekonomikoak, jauntxokeriak eta xenofobia endemikoak malkoz betetako bailara bihurtu dituzte bailara zoragarri hauek.

LORATEGIA

Azkurreta deritzon etxea.
Azalera: 130 metro kuadro
Mugakide dituenak: aurrean bidea, eskubian bidea, atzean ..., ezkerrera ...

Astelehenean eskriturak jaso nituen eta Bailarako Udaletxera joan nintzen. Idazkariak, muturbeltz eta begirada lausotuz goitik behera begiratu ninduen. Eskriturak erakutsi eta gertatzen zitzaidana azaldu nion. Agiria gainetik begiratu eta bota egin zidan, nire etxeak lurrik ez zuela esanez. Gainera aholku bat eman zidan: “Aizu, neska, abokatu bat hartu, hemen ez dizulako inork lagunduko kanpotarra izateagatik”. Aho bete hortz gelditu nintzen. Xenofobia zer zen ez nekien. Ordurarte ez nuen halako bazterketarik sentitu inondik inora. Emakume haren begirada, eskriturak bota zizkidanean erakutsitako jarrera, bere ezpainek marraztu zutena “kanpotarra zara” esaterakoan, hau guztia buruan gelditu zitzaidan modu beldurgarrian eta Udaletxera joan behar nuen bakoitzean takikardia izaten nuen, izuaren izuz.

Sinatu nuen salerosketa dokumentuan etxea 11 aldiz emana zela azaltzen zen, beraz, familia bakarrarena izan zen 11 belaunaldiz. Nirea zen lehen eskritura, 30 urte pasa baitziren azken aldiz eman zutela erregistratu zutenetik. Katastro agiria ere ordukoa zen, “hiru solairutan 130 metro kuadroko azalera” zuela adieraziz.

Ikertzen hasi nintzen eta bailarako liburutegira joan nintzen agoteen inguruko dokumentu bila. Errolda zaharrak, aurreko katastroak, planoak nahi nituen, baina bilaketan inork ez zidala lagunduko ohartu nintzenean hiriburura jo nuen.

Nire ikerketek inolako emaitzarik ez zuten bakoitzean etxetxoaren aurrean jarri eta berari galdezka hasten nintzen: “Nor zara? Esazu!... Zer nahi duzu? Zer daukazu gordetan erraietan?” Etxetxoa isilik, madarikatua. Isilik pairatzen ikasia zuen. Xumea eta handikeriarik gabea bere bakardadea duintasunez zeraman. “Ez diot inori zu eraisten utziko, eder hori”, xuxurlatzen nion goxo-goxo.

Lurralde aberastasunaren inguruko artxiboak ikusi ondoren 1929ko argazki bat aurkitu nuen, airetik ateratakoa, eta bertan etxea ageri zen, baina izenik eta zenbakirik ez zuen herriko etxe bakarra zen. Bordak ere zenbatuta zeudela kontuan izanda, nireak zenbakirik ere ez izatea bitxia zen. Hiriburuko artxibo orokor guztietan aurreko mendeko katastro guztiak begiratu nituen baina ez nuen nire etxea topatu. Eskuz egindako plano zaharrak gordetzen dituzten sailera jo nuen, baina nire etxearen ingurune guztia falta zen. Nik jakin banekien etxearen arrastoa nonbait idatzita egongo zela, eskrituretan azaltzen dena katastro bati dagokiolako, baina non zegoen?

Aparejadore bati deitu nion eta jabegoa neur zitekeen modu bakarrean neurtu genuen: metroa hartu eta mugak neurtu. Halaxe egiaztatu nuen eskrituretan ageri zena. Jabetza-erregistroan alboko jabetzen ohartxo bat eskatu nuen. Harrituta irakurri nuen nire lorategia zapaldu eta bizilagunak ataria eraiki zuen tokian zera jartzen zuela: “Azkurreta etxeko lurrean”. Udaletxean lan-baimena eskatu nuen ataria egiteko eta baimen orokorra nuela jakin nuen, baratza ixteko baimena nuela alegia. Zeharo txundituta nengoen. Zalantzarik gabe Udaletxeak hau dena ondo zekien. Udaletxeak egindako katastroaren arabera nire etxeko hormak eremu publikoan zeuden. Hau jakiteak aztoratu egin ninduen.
---------
Etxearen aurrekarien bila erotzen ari nintzen bitartean atariko bizilaguna herriko hauteskundeetara aurkeztu eta zinpeko alkate aukeratu zuten. Karguan hilabete egin baino lehen salatu egin ninduen nik nerabilen lur hura komunala zela argudiatuz, nire teilatupeko etxe ondoan egurra pilatuta nuelako. Nire loreak hiltzen ari ziren eta loreontziak mailuz txikitzen zituzten. Ingurua txukun mantentzea oso zaila zitzaidan. Egun batean zinpeko alkateak nire lorategia asfaltatu egingo zuela esan zidan. Erotzekotan nengoen. Lorategiaren argazkia atera eta karteltxo batzuk egin nituen lorategia ez asfaltatzeko eskatuz. Gizona bere onetik atera zen eta batzarrea deitu zuen (auzokoen bilera). Ohi bezala apaizak iragarri zuen eta hitz egiteko gaiak garrantzi handikoak zirenez guztiei arren azaltzeko dei egin zien. Batzarrera etxeko dokumentuekin joan nintzen, inuxente inuxente. Hantxe zeuden, herriko etxeko atarian bilduta, gizon guztiak. Emakumeak albo batean, pixkat atzerago. Alkateak patrikatik papertxo bat atera eta ea erroldatuta nengoen galdetu zidan. Nik, ezetz. “Udaletxearen aginduz erroldatuta ez dagoen inork ezin du sartu, herriak bestelakorik erabaki ezean”, esan zuen zinpeko alkateak. Isiltasun latza. Herri guztia isilik gelditu zen, lurrera begira: koldarrak.

Biharamunean batzarreko akta eskatu nuen idatziz eta ukatu egin zidaten. Arartekoari laguntza eskatu nion baina gai horretan ez zela sartuko esan zidan. Agote bainintzan tratatzen ninduten. Neurriz gainezkakoa zen hura guztia; nik ez nuen arazorik herrian, etxea zen, etxeak bere gain estigma izugarria zuen eta begibistatik kendu nahi zuten. Lorategiak kontzientzia arazoa eragiten zien, ziur. Etxe hartan zerbait gertatu zen, izugarria. Inoiz bertakoek etxea utzi egin behar izan zuten eta ingurukoen memorian gelditu zen gertaera.

Zinpeko alkateak, kargurako gaitasun handirik behar izaten ez duena askotan, ohituraren poderioz indartuta, bizia ematen dion gizartearen laguntzaz gaiztotuta eta aintzinako erregimeneko jarrerak bultzatzen zituena, egungo gizartearen kulturaniztasun eta elkartasunetik urrun, nahi zuena egiten zuen.

Kargua ez da inoiz kargu politikoa izan eta interes zehatzen arabera aukeratzen dute. Honela bihurtzen dira zinpeko alkateak batzuren interesaren eta xenofobiaren bultzatzaile.

Batzarreak, batzuk legearen oso mugan, artzai bileren antzekoak dira. Igandeko mezaren amaieran iragartzen ditu apaizak, eguneko gaiak ez dira idatziz eramaten, ez da erabakien aktarik egiten, seriotasun gutxi azaltzen dute eta gainera sekta itxurakoak dira.

Bai zinpeko alkatea eta baita batzarrea ere erdi aroko irudiak dira. Eta irudi hauek bizirik daude bailara hauetan. Herri txikiek udaletxe bat osatzen duten bailara hauetan. Epaimahai eta batzarreak XVII. Mendeko kroniketan azaltzen dira eta bertan odol garbiketaren erantzuletzat dituzte, “…bailaran bizi nahi duen edonor odol garbikoa eta aitorren seme izango da, aitorren seme eta garbia izango ez balitz, biztanleek ez dute onartuko, ezin izango du auzokide izan eta bailarako gobernuko kargu eta lanbideetan ere ezingo du parte hartu…”

Hau betearazteko urtero lau pertsona aukeratuko dira, San Migel eguneko batzarrean, eta euren eginbeharra “…arau urratzaileak ikertu eta alkateari jakinarazi eta dilijentziak, eskaerak eta beharrezko autoak bideratzea” izando da.

1610: Erronkari Bailarako Juntak agoteei auzokide izaera ukatzen die, baita herriko jantzien erabilera ere…

1696: Baztanen Batzarrea “…agoteek ezin dute hemen bizi, eta bertan bizi diren agoteak botatzeko eskatzen dio Juntari lurralde honetan bizi diren aitorren seme garbiei min egin diezaietelako…”

MASUSTA MARMELADA

2003ko maiatzaren 8an katastroa berraztertzeko eskaera egin nuen Udaletxean eta horretarako aparejadoreak egindako jabetzaren planoa aurkeztu nuen. Zinpeko alkateari nire katastro-egoeraren berri emateko eskari berezia ere egin nion. Lorategia alanbre mehe batekin ixteko baimena ere eskatu nuen. Bizilagunak zirikatzen ari zitzaizkidan, batez ere alkatea: behin eta berriz bere jazarpena jasaten ari nintzen.

Azkenean tronpatua izan nintzen. Arrats batean, bailaratan gauza arraroak gertatzen diren garai horretan, etxea galtzeko moduko ergelkeria bat egin nuen. Granitozko lau loreontzi eder erosi nituen eta bide ertzean jarri nituen alkatearen traktoreari pasoa oztopatuz. Atarian zuhaiskak landatu nituen eta lorategian loreak. Abokatuarekin hitz egin gabe burutu nituen ekintzok. Arrazoia nire alde zegoelakoan Udaletxearen erantzun baten zain nengoen, ezinegonean. Baina erantzunik ez zegoen.

Ekaina. Hauteskundeak izan ziren, Udal hauteskundeak eta Orokorrak. Bailaran nazionalistek irabazi zuten eta emakume bat izendatu zuten alkate. Demokraziaren historian bailara hartako lehen emakume alkatea zen. Audientzia eskatu eta onartu egin ninduen. Hogeita hamar urte bete ez zituen emakume gaztea zen, erakargarria eta itxuraz modernoa, rokero itxura. Ondo hartu ninduen, esateko nituenak entzun eta nire eskaera aztertu eta erantzungo zidatela agindu zidan.

Mesfidati izateko inolako arrazoirik ez nuen. Lorategian izan nituen arazoak ahaztu nituen, ederra hazten ari zen gainera, eta bailarako artistekin Kultur Etxean abuztuan egingo zen erakusketa bat antolatzeko lanean hasi nintzen. Neu izan nintzen bultzatzailea. Kultur Etxean Holandan ospatzen den kultur ekintzaren oinarriak aurkeztu nituen, bertan izan bainintzen holandar artista betan gonbidapenaz. Iharduera apala eta atsegina zen: Udaletxeak bailarako artisten kokaleku eta egiten zuten lanaren xehetasunak adieraziko zituen mapa bat egingo zuen, tailerrak ikus ahal izateko ordutegia ere azalduz. Orri hauek Turismo bulegoaren bidez heda zitezkeen.

Abuztu erdialdea. Kultur arduradunak deitu eta alkateak bere lagun batzuekin nire estudioa ikusi nahi zuela esan zidan. Izugarri poztu nintzen, zita egin eta bisitariak modu egokienean hartzeko prest nengoen.

Arratseko zortziak aldera iritsi ziren. Nire lanaren jarraipena egin zuten, etxea ere ikusi zuten eta baita lorategia ere. Sagardo botila batzuk edan eta lagunartean berriketan egon ginen. Alkatesak lagunentzat egiten ditudan masusta mermelada pote batzuk ikusi zituen. Bat eman nion. Maitekiro esan genion agur elkarri eta alkateak sorbaldan besoa jarriz “lasai, dena bere onera etorriko da” esan zidan. Kotxeraino lagundu nien eta etxera itzultzean masusta potea mahai gainean gelditu zela ikusi nuen.

TRAIZIOA
Alkatesak ahaztuta utzi zuen masusta potea ikusi nuenean farrez hasi nintzen. Nire farrak, ordea, oso gutxi iraun zuen. Asteartea zen. Ostiralean udaltzainak etorri ziren etxera eta urtebete lehenago nire teilatupean jarritako egurra zela eta alkateak sinatutako salaketa aurkeztu zidaten. Nik aspaldi kendu nituen egur zatiak. Salaketa loretagia husteko aitzakia besterik ez zen. Autoa alkatesak sinatuta zegoen. Hamar egun nituen husteko. Abuztua zen, abokatuak oporretan egoten diren garaia. Madrileko lagun abokatu bati deitu nion eta errekerimendua legez kanpo zegoela esan zidan. Batetik katastroa berraztertzeko eskaera eginda zegoen eta bestetik autoa ez zuen Udaletxeko Idazkariak sinatu. Baina Udaletxeek aurrea har dezaketela argitu zidan.

Lagun baten bitartez abokatu hirigile batekin hitz egin eta borrokatzea erabaki nuen. Errekerimentua errekurritu egin nuen. Baina alkatesak traizionatu izanak barrenak nahastu zizkidan. Ezusteko ederra ematea erabaki nuen. Ez zen nire laguna, argi eta garbi. Egindakoak eginda ere okerrera joatea zaila zen.

Irailak bere lehenengo igandea zuen. Herrian festak ziren eta nire etxetik hirurehun metrora ekintzak antolatu zituzten. Goiz esnatu, ondo gosaldu eta karteltxoak egin nituen. Haietariko batean kaxatxo bat marraztu nuen, kaxatxo hartan zulo batetik emakumezko esku bat zegoela ikus zitekeen alkateak emandako agiria sinatzen. Beste batean zera idatzi nuen: ALKATESA, GARBI JOKA EZAZU. AUSARTU!

Jantzi zuria nuen soinean eta karteltxoen artean lorategian eseri nintzen, irakurtzen. Udaltzainak etorri, argazkiak egin zituzten eta joan egin ziren. Jendeak begiratu eta alde egiten zuen, besterik gabe. Baina alkatesari ez zitzaion gustatu, bere legealdiarentzat ez zen hasiera txukuna. Bailaran emakumezko batek kargu hori izaten zuen lehen aldia zen eta bere lehen ekintza lorategi bat txikitzea izan zen, legeari muzin eginez. Gaualdera karteltxoak kendu eta zer gertatu zain gelditu nintzen.

Biharamuenan alkatesak deitu zidan, nigarrez, nirekin hitz egin nahi zuela esanez. Bere bulegora joan nintzen eta zalantzaz beteriko emakume negarti bat ikusi nuen. Behin eta berriz galdetu nion zergatik sinatu zuen errekerimendu hura eta “ sinatzeko hainbeste paper jartzen dizkidate… zer sinatzen nuen ere ez nekiela” esan zidan. Nire aitak alkatearen aurrean txapela kentzen zuen. Nire alkatesak merezi ote zuen halako ohorerik?

ADITUA

Alkatesak berak hala eskatuta, katastro arduraduna eta hirurok bilera bat egin genuen. Bilera surrealista izan zen. Adituak nire etxeak lurrik ez izateaz gain eskuinaldean leihorik ez zuela ziurtatu zuen. Etxea katastratzeko erabili zuen argazkia erakutsi zidan. Egia, ez zen leihorik ageri, baina argazkian furgoneta handi bat azaltzen zen eta atzeko atea guztiz irekita egonik etxearen eskuinaldeko horman zer zegoen ikusteko modurik ez zegoen. Katastroa berraztertzeko egin nuen eskaera epaitegi administratibora iristerik ez zuen nahi, inola ere. Bailaran lurralde ordenantzan konpetentzia zuen eta polítika katastral bortitza burutzen zuten. Bilera hartan ez zen ezer erabaki. Ni beldurtzeko erabiltzen ari ziren beste ekintza bat besterik ez zen izan. Atso izutzaile koldarrak.

Handik gutxira katastro arduraduna etxera etorri zitzaidan. Nire lurrari metro gutxi batzuk emango zizkiola agindu zidan, modu extraofizialean. Zintzotasun gutxikoa eta zitala iruditu zitzaidan. Udaletxeak dena moldatu nahi zuen nire etxeaz jabetzeko. Zalantzarik gabe. Etxe hura ez zetorren bat inguruarekin: forma arraroa zuen, gaizki kokatuta zegoen, kalearen simetría apurtzen zuen. Etxea erosi nuenean lanak egin eta guztiz eraldatuko nuela uste izan zuten. Hala, etxearen jabetza kentzeko arrazoia izango zuten. Ez zekiten, ordea, erromantiko hutsa naizela eta etxea berez zen bezalakoa mantentzea zela nire helburua. Horregatik eskuinaldeko hiru leihoak zuela hiru edo lau mende etxea eraiki zuen artisau berak eginda bezala geditu ziren, harri landuz, eder.

ATSO IZUTZAILEAK

Atsoak izutzen dituzten horiek bisitan etortzen hasi zitzaizkidan. Globalizazaioaren irudia da hau, Italiatik ekarritakoa, Armaniren antzera eta ezagunak dira, eraikuntzan batez ere. Baina Armanik ez bezala, hauek bere bortizkeria azaltzen dute. Edonoren itxura izan dezakete: Jehobaren Lekukoz mozorrotutako zinegotziak, kaletarrez doazen zipaioak edo batek daki nork ordaindutako sikarioak.

Pertsonaia beldurgarri hauek ataria erakitzen hastearekin batera agertu ziren. Etxera hurbiltzen ziren eta leihoei, teilategal eta zuhaiskei begira gelditzen ziren, zutik irauten hainbeste lan zuten zuhaiska haiei begira, begi luzez. Beste batzuetan etxeko teilategala barnizatzeko erabili nuenari buruzko galdera ergelak egiten zizkidaten, polita zela argudiatuz. Teilategala hizpide zen beti. Behin zinpeko alkateak 20 zentimetroz handitu nuela esan zidan.

Etxea bitxia zen, aukeran estuegia, bere altuera kontuan izanik. Bitxitasun hau zela eta atso izutzaile haiek teilatua eusten zuen masta jatorrizkoa zen edo ez jakin nahi izan zuten.

Pertsona hauen isilpeko jazarpen honek beste elementu istilutsuen laguntza ere izaten zuen: zabarkeriaz egiten zuten egin beharrekoa, traktoreak atera eta etxea inguratuz, harrokeriaz, zangarti, hankatarteko gailu boteretsu bezain zaratatsu hura erakutsiz. Horren baitan zer zegoen galdetzen nion neure buruari behin eta berriz. Hain zen guztia neurriz kanpokoa, sinetsi ezinean eta beldurrez, parrez eta nigarrez egoten nintzela egun berean.

BAKARDADEA

Alkatearen baratza eta nire lorategiaren arteko hormaren kontra begonia batzuk landatu nituen. Bereziki ederrak hazi ziren. Hormaren beste aldean alkateak tomateak landatu zituen baina herdoil antzeko batek zapuztu egin zituen. Tomateak ez ziren heltzen, horixkak eta erdi ustelak hazten ziren, penagarri. Herritarrak etorri egiten ziren eta nire loreak ikusi ondoren alkatearen tomateei begira gelditzen ziren. Behin eta berriz nire loreak erregaiatzeko zer erabiltzen nuen galdetzen zidaten. Nik ezin nuen ulertu zergatik galdetzen zidaten hura, baina berehala jakin nuen nire loreak erregaiatzeko hura filtratu egiten zela hormapetik eta alkatearen tomateak zapuzten zituela.

“Agoteek ikutzen duten oro kutsatu egiten dute”. Horixe uste izan du herriak. Batzuetan beste iturriak erabiltzera behartzen zituzten, eta horregatik ageri dira toponimian agotiturriak deiturikoak. Oinutsik ibiltzea ere debekatzen zieten, eta inor hala ibiltzera ausartzen bazen oinazpiak burdinez erretzen zizkieten, haiek zapaldutako lurra antzu bihurtzen zela argudiatuz. Nire plazeretako bat lorategiko belarretan oinutsik ibiltzea zen. Zorionez, XXI. mendean geunden.

Batzarreko atea itxi zidaten une hartantxe bertan apartheid modukoa ezarri zidatela sentitu nuen. Komunitateko inori bost axola zer gertatzen ari zitzaidan: guztiek ezikusiarena egiten zuten.Udaletxeak ez zidan jaramonik egin, arartekoak bere laguntza ukatu zidan, bere balioaz azpitik zegoen etxe hura herritarrei bakarrik sal niezaieke eta eurek erabakitako salneurrian gainera. Eskuak lotuta. Oinutsik. Bakarrik. Etxea itxi eta alde eginez gero txikitu edo su emango zioten beldur nintzen. Bertan gelditu eta borrokatzea erabaki nuen.

Nire lanean murgildu nintzen: grabatuak eta plantxak. Lurraren inguruko gaiak landu nituen: euskal pilota, akelarrea, sorginak, lamiak, aurreskua, zamalzaina, joaldunak…

Zeramikarekin lanean hasi nintzen. Eskuz lokatza lantzen hasi nintzen. Ahizparen loretagian lurperatuta zegoen aintzinako labe batean egosten nituen nire piezak. Euskal zeramika aztertzen eta ikertzen hasi nintzen. Zeramika ikastaroak egin eta ohartu ere egin gabe pieza mordoxka egiten nuen. Kreatibitatea gainezka sentitzen nuen. Herritarrek zigorrez jasandako bakardadeak indarra eman zidala zirudien eta nire izakera artearen bitartez erakusten nuen. Mende batzuk lehenago agoteek etsaiez inguratuta bizi ahal izateko ere artea eta eskulana erabili zuten. Nik, grabatuez eta zeramikaz gainera, idazteari ekin nion. Istorio eta ipuin laburrak ziren, nire estudioan arrats zoragarri haietan bailarari begira bururatzen zitzaizkidanak.


HERRI-LURRAK

XVI. mendea “…bailarako biztanleren batek epaiketa deituko balu bereak edo herrikoak diren lurrak. Bailarako errentak konprometituta gelditzen dira, epaiketa eskatu duenak alkate eta bere epaimahaikideek esandakoari men egiten badio…”
Alkatearen dei bat jaso nuen, nire lorategiko atea ken nezan eskatuz, zinpeko alkateak bere traktorearekin bertatik pasa nahi zuela eta. Nire abokatuak katastro berrikusketaren gainean gorako helegitea jarri zuen administrazioaren isiltasuna zela eta, eta artxibatzen saiatu baziren ere onartu egin zuten. Bi errekurtso jarrita nituen eta erabakia jakin arte errugabea nintzen. Lorategia bertan behera uzteko arrazoirik ez zegoenez alkatearen deiari ez nion kasurik egin.

… ko herriko zinpeko alkateak zera adieraten du.
2004ko maiatzaren 2an, halako tokian egindako Batzarrean eta 27 biztanle bertan zirela ondokoa erabaki da.
Gaur arte …k okupatuta duen herri-lurrari dagokionean Batzarre honek emakume honek lur hori ezin duela okupatu ulertzen du, kontrakoa erakutsi arte lur hau publikoa delako, eta nahiz eta emakume honek arazoa epaitegien esku utzi duen lur honetatik ez du probetxurik izango aipatutako epaitegiak erabakiren bat hartu arte eta Batzarre honek azaldutako arrazoiengatik.
Zera eskatzen du: goian aipatutako datatik aurrera hilabete izango du Udaletxeak gatazka hau konpontzeko, edo bestela, beharrezko neurriak hartzeko emakume honek lur hori utz dezan eta lehen bezala gel dadin, hainbeste denbora irauten duen gatazka honi irtenbidea aurkitu arte, emakume hau bera bakarrik ari delako lur hau erabiltzen inolako eskubiderik gabe eta besteei min egiten, …i bezala. Hau guztiarengatik herri osoa ordezkatzen duen Batzarre honek, eta Udaletxeari presiorik egin gabe baina bai arrazoi osoz beste irtenbide batzuk hartuko dituela erabakitzen du.
Hau guztia lehen bait lehen konponduko den itxaropenez, bi aldeen mesedetan eta herrian guztion arteko elkarbizitza errazagoa izan dadin.
Zinpeko alkatea


Ezkutuan egindako batzarre baten akta jaso nuen Udaletxearen enkarguz abokatu batek egindako txosten tekniko batekin batera. Lurra berreskuratzeko espedienteari hasiera eman zioten 5 urtez bide publikoa oztopatzeagatik. Lur hura, berreskuratu nahiak bultzatuta, guztion lur izendatu zuen Udaletxeak, edo herritarrek esaten zuten bezala, herri-lur. Nire abokatuak esanda Udaletxeak lur horren jabego titulua eskatu behar zuen, legea oso zehatza baita arlo honetan. Udaletxeak lur hura erregistratuta ez zuenez, bidea zela esan eta halaxe tipifikatu zuen.
Nire etxea bide ondoan zegoen eta Udaletxeak erabakitako guztia bidea zen. Isun itzela jasotzeko arriskua nuen baina errekurtsoen auzia bideratu arte nire lorategia mantentzea erabaki nuen.

BESTE IRTENBIDEAK

Irailak lehen astea zuen eta herriko jaiak ospatzen ari ziren. Handik joan egin nintzen jasaten ari nintzen tentsio hartatik urrundu asmoz.
Nirearengandik 300 metrora etxea zuen ahizpari bertara joan eta loreak erregaiatzeko eskatu nion.
Irailaren 6.a zen, igandea, eta ahizpak hotsegin zidan. Lorategia txikitu egin zuten. Goizeko 10ak aldera iritsi nintzen eta ikusi nuena izugarria iruditu itzaidan. Herriko lorategi ederrena txikitu zuten alkatea bere traktorearekin legez kanpoko sarrera egin eta bertatik pasa zedin.
“… beste irtenbide batzuk hartuko dituela erabakitzen du…” zioen maiatzaren 2ko Batzarreko aktak. Eta halaxe egin zuten. Lorontziak, zuhaiskak, amorruz puskatutako tomate landareak zeuden bide erdian. Begiluze batzuk zebiltzan handik, baita alkatea ere, ezer gertatu ez balitz bezala. Emakume xahar bat hurbildu eta “Ez egin ezer; oraintxe datoz Udaletxekoak guztia eramatera” esan zidan, penaz. Poliziari deitu nion, irratiari eta herriko telebistari ere bai eta jendeari handik alde egin eta bakarrik uzteko eskatu nion.
Herrian nuen lagun bakarra pasa zen, edo hala uste nuen: suhiltzailea. Kotxea gelditu eta jeitsi gabe txikizioari begira gelditu zen, larriduraz. Gertatutakoaren azalpen bila hurbildu nintzaion. “Hementxe bizi behar dut eta ezin dizut lagundu” esan zidan, horixe besterik ez.
Nire abokatuari deitu eta gertatutakoa salatzeko esan zidan, izenik eman gabe, lekukorik ez nuelako. Irratiak eta telebistak egin nuen xenofobia salaketa hedatu zuten. Poliziarekin hitz egin eta hurrengo egunerako komisaldegian egin genuen hitzordua.
Bakar bakarrik gelditu nintzen eta eguerdi aldera, nigarrez, lorategia konpondu nuen pixkanaka. Apurtuta ez zeuden zuhaiskak birlandatu nituen. Jeranioak jaso eta loreontzi berriak jarri nituen. Siesta orduan gizon heldu bat etorri eta laguntza eskeini zidan. Errekan arrantzarako erabiltzen zituen botak jantzi eta garbitegitik nire otorduak egiteko erabiltzen nuen mahaia atera zuen, aulki tolesgarri batzuk eta lorazaintzrako trenzaren bat ere bai.
Etxea erosi nuenean holandar lagun batek izei bat oparitu zidan. Sarreran landatu nuen eta oso ondo hazi zen. Urdin zoragarria zeukan. Ateratzean sustrai nagusia mindu zioten eta berriz landatu nuen baina ez zuen iraun. Hil egin zen.
Agotea nintzen. Ezin lurrik izan. Herriak lege guztien gainetik justizia bere esku hartu zuen. Jabetza eskuratzeko expedientea, maiatzaren 28an hasitakoa, nire abokatuak errekurritu egin zuen epeen barruan eta oraindik ez zuten erantzun. Udaletxeak ez zidan deitu, nahiz eta komunikabideek bortxaketaren berri eman. Nire lorategia txikitu zutenek gorrotoz eta amorruz egin zuten, herriak, elizak eta agintariek babestuko zituztela jakinda. Halaxe izan zen mendeetan. Ehundaka urtez bizi izan ziren euren gorputzetan xenofobiaren genak, baina ez ziren euren ekintzen erantzule bakarrak. Herri osoak zekien nortzu izan ziren. Piztikumeek ondo egin zuten lana, zaharrenek erakutsita. Alkateak, unibertsitateko gaztea izanda, legez kanpo ez zuen jokatu nahi. Behin halaxe egin zuen eta arazoak izan zituen, baina herriak ez zuen idatzitako legerik ulertu nahi. Lege propioak zituen, betikoak, tribuaren isiltasun koldarraren babesarekin.

ARARTEKOARI
“Zure erakundearengana jotzen dut nire Udaletxearen aurrean inolako babesik gabe nagoelako. 1999an etxe zahar bat erosi nuen berregin eta bertan bizitzeko asmoz. Agote etxea zen, utzita zegoen, batek daki zergatik. Agintarien utzikeriak eta auzokoen lapurretak berea zuen lorategi txikia kendu zieten, baita etxeko eskrituren ematen didaten beste eskubide batzuk ere.
Kontua da baratze ondoan bizi dena herriko zinpeko alkatea dela, herri ondasunak zaintze aldera loreak landatzen uzten ez didana, ezta belarrik ere, aulkirik ezin dut jarri etxepean esertzeko, gaizki eginda eta errekurrituta dagoen lursailaren arabera ez baitut horretarako eskubiderik.
Etxe ingurua asfaltoz betetzeko ezetza eman nienean, eskrituretan jabea naizela adierazten den neurrian, alkateak batzarrea deitu zuen, herrian arazoren bat dagoen bakoitzean gertatu ohi den bezala. Etxearen inguruko dokumentazio guztia bildu nuen bertara joateko. Atera iritsi nintzenean, herri osoa bertan zegoenean, alkateak sarrera ukatu zidan erroldatuta ez nengoela arrazoituz. Hau 2003ko apirilean gertatu zen: 3 urte neramatzan herrian bizitzen. Alde interesatua izanda, iraingarria izateaz gain ez zidaten nire eskubideen defentsa ere egiten utzi.
Udaletxera joan nintzen azalpen eske eta ez ninduten ondo hartu. Idatzi bat egin nuen Batzarreko akta eta bertan egon ahal izateko Araudia zein zen eskatuz. Sei hilabete pasa dira eta ez dut erantzunik jaso.
Jaiotzaz …koa izanik, badakit herriak errespetu handia diola zinpeko alkateari eta batzarreari, aintzinako ohitura demokratikoak direlako eta harro daudelako. Oraingoan, erakunde hauek erabiltzean euren balioa indargabetu dute, arazo bat konpontzeko baino emakume bat iraintzeko erabili dutelako, bere eskubideak ukatu dizkiotelako. Nire ustez jarrera matxista eta xenofoboak indartzen ari dira eta halakoek gure komunitateari kalte egiten diote. Zure eskuhartzeak egoera argitu eta konponduko duen itxaropenaz eta babes eskubidea eta berdintasun printzipioak lagunduko nautelakoan.”
2003-12-12

Abenduaren 18an Arartekoaren ohar bat jaso nuen, nire kasua aztertuko zutela eta handik gutxira zerbait esango zidatela adieraziz.
2004ko apirilaren 6an azken txostena jaso nuen.

“…jakin dugunez, aipatutako “batzarrea” hasi aurretik ..n erroldatuta zinen galdetu zizuten, ezezkoa erantzun zenuelarik, eta horixe izan zen gehiengo absolutuz bertan ez egotea erabaki izanaren arrazoia, parlamentu eta koto ordenantzak bere lehen kapituluan jartzen duena jarraituz, adin nagusikoa eta auzokoa izatea ezinbestekoa direla…” eta amaitzeko “…horregatik zinpeko alkateari inolako argibiderik egiteko arrazoirik ez dago..”.

Mendeetan zehar agoteak zapaldu zituzten arrazoiak ulertzen hasi nintzen pixkanaka. Nagusi zen klaseak legeak ezartzen zituen eta inork ez zituen zalantzan jartzen, ezta Arartekoak ere. “…gehiengo absolutuz bertan ez egotea erabaki zen…”: esaldi hau Aratekoaren hitz bihurtzea krudela iruditu zitzaidan.

HAGO ISILIK, HAGO AGOTE!

Batzarre kontuetan eta herritar bat kanpoan uzteko azpijokotan aritzeko herriak gaitasun berezia zuela ikusi nuen. Lorategia txukundu izanak alkatea eta bere lagunen haserrea eragin zuen. Errekurtsoen berririk gabe jarraitzen nuen eta babesik gabe nengoela sentitzen nuen. Herrian nire aurkako azpilanetan ari zirela somatzen nuen. Kasualitatez alkateak martxoaren 19rako, igandea, batzarrea deitu zuela jakin nuen. San Migeleko batzarre orokorrerako txostena prestatzen ari zela pentsatu nuen, urte osoan ospatzen den lau batzarretatik garrantzitsuena, eta han erabakitakoak halabeharrez bete behar izaten dira.
Batzarre hartara joatea bultzatu ninduen zerbaitek. Etxe hark, beti adi, bere beldurren berri emango balit bezala. Baina lehenik elizara bisita egingo nuen. Apaizari aurre egiteko gogoa izan nuen betidanik, batzarre hartan apaiz xixtrin hark bere elizatiarrak niri sarrera ukatzera bultzatu zituenetik.
Igandeko elizkizunera joan nintzen. Erdi erditik sartu nintzen elizara, guztiak begira nituela eta lehen aulkian eseri nintzen, hutsik zegoen lehen aulki hartan.Jende gehiago sartu zela entzun nuen baino inor ez zen eseri nire ondoan. Elizkizun osoan bakarrik egon nintzen, legenartsuen moduan. Apaiza, ni ikusi orduko, oso urduri jarri zen. Tarteka begi zeharka begiratzen ninduen. Gizonak bazekien aurre egitera joan nintzaiola eta zer egingo nuen beldur zen. Ni han egotea ez zitzaon batere atsegin, ezta geroko batzarrean egotea ere. Sermoi garaian bere onetik atera zen.
Aurrez zer esango zuen jakin gabe ekin zion sermoiari. Moisés Sinai menditik itzuli zeneko pasartea ekarri zuen gogora, legearen taulak eskuan zituela bere herritarrak urrezko txekorra gurtzen ari ziren unea. Sermoiak iraun zuen bizpahiru minutuetan ehun bat aldiz errepikatu zituen Jainkoa eta Txekorra hitzak, ezer ulertzen ez zen ahokorapilo antzeko batean. Hizjarioa “amen” azkar batekin amaitu zuen.
Elizatik irten nintzenean etxearen aurreko jabearekin egin nuen topo. Begiraden esanahia. Gure begiradek egin zuten topo eta beldurra ikusi nuen bere begietan. Berak ondotxo zekien lorategiaren aldeko borrokarekin jarraituz gero zer gertatuko zitzaidan. Belaunaldietan pilatutako beldurra somatu nuen emakume haren begiradan. Borroka hura galduta nuela jakiteak aske sentiarazi ninduen. Lorategi batek ez zuen nire bisitza osoa balio. Etxearentzat tristura izango zela nekien, oso panpoxa baitzen bera.

Batzarrera joan nintzen eta elizan bezala alkatearen aurrean eseri nintzen, lehen aulkian. Gizonak ez ninduen begiratu ere egin, ezta hurrik eman ere. Halako batean apaiza sartu zen, ziztu bizian. Jendaurrean hitz egitera ohituta egonik, batzarre hartara joateko zergatik eskatu zioten galdetu zuen ozenki. Alkateak esan zion herriak elizaren ondoan su txiki bat eraiki nahi zuela, haragia erretzeko, eta bere baimena nahi zuela. Apaiza haserretu egin zen. “Batzarre honi ez dagokio elizaren lurrak aisialdirako erabiltzeko erabakia hartzea”, oihukatu zuen. Niri zuzen begiratu eta hala jarraitu zuen: “Beharrezkoa bada, nire odolarekin defendatuko dut elizaren lurra”. Gero adeitsuago, han zeudenei su txikia eraikitzeko zer egin behar zuten adierazi zien. Argi eta garbi utzi zuen bera ez zegoela sua eraikitzearen aurka, baina bai erabaki hura batzarreak hartzearen aurka.
Apaiza prestatu zitzaion iruzurraz ohartu zen. Nire etxearen aurreko jabeak han izatea nire aurka deklaratzeko deitu zituztela adierazten zuen. “Euren odola garbitu zuten” agoteak ziren, gizarteratuta zeuden eta ez zuten atzera begiratu nahi. Gatazka hasi zenean deitu egin nien eta lehor eta gordinki erantzun zidaten: “Ez dugu ezer jakin nahi”.
Batzarreak erabakitakoak apaizaren onespena behar zuen. Aktan bera han izan zela jartzea nahikoa zen. Galdeketa egiten lehena izango zen eta berak alde egiterakoan bilera hartakoek “beste erabaki” batzuk har zitzaketen, San Migeleko batzarre orokorrean eztabaidatzeko.
Dena neurri gabekoa zen. Hain neurrigabea ! Kanpotik ikusita Erdi Aroko pastoral tragikomikoa zirudien : apaizaren hitz potolo haiek (« Beharrezkoa bada, nire odolarekin defendatuko dut elizaren lurra »), etxearen aurreko jabeak hantxe eserita, txoko batean eta beldurtuta, ni neu, lehen aulkian eserita, alkatearen aurrean, isil isilik guztiei aurre egiten.
Norbaitek hesian alanbrea jartzeko baimena eskatu zuen. Eskatzaileak, aspaldi alkate izandakoak, bere garaian ukatu egin zion bertako bati hori bera egitea eta horrexegatik ukatu zioten baimena. Batzarrea erabakirik hartu gabe amaitu zen eta han hitz egin zenaren aktarik idatzi gabe.

ARGAZKIA
2005eko udaberrian, maiatzean, lorategiak berea egin zuen. Etxetxoak gogor eutsi zion jasandako sarraskiari : glizinia, larrosa, mahatsa-parra errotik kendu eta mendafina, erramua eta erromeroaren usaina desagertu egin ziren. Albo batean dotore zegoen aulkia ere kendu egin zuten.
Alkatesak behin eta berriz hots egin zidan telefonoz zinpeko alkateari bere traktorearekin nire lorategitik pasatzen uzteko eskatuz. Nagusiak agintzen duenean... Nik egin ezean agintariek behartu egingo nindutela argi neukanez eskatutakoari men egin nion.
Hamabiak aldera bailarako hiritartasun zinegotzia udaltzain batekin hurbildu eta argazki bat egin zuten : alkatea bere traktorearekin lorategitik pasatzear zegoen eta huraxe erakutsi nahi, nonbait, inork ahaz ez zezan akaso.
Gizon hura argazkirako jarreran ikusi nuenean, barneko tristura sentitu nuen. Urtegiak inauguratzen dituztenean jarrera berdina izaten dute. Politiko kaskarren jarrera nuen aurrean, inolako lotsarik gabe, xenofobiaren aldeko zirela erakutsiz.
Beti jakin nuen ustelkeria xenofobo haren atzean zerbait gehiago zegoela. Etxea botatzeko zorian zegoen. Estigma baten jabe, miseria eta zikinkeriaren kiratsaz inguratuta. Talde memoriak ez du barkatzen. San Juanetan, etxe aurreko suan auzokokek salto egiten zuten, oihukatuz:
- Ona, barrura!
- Txarra, kanpora!
- Hazteria, kanpora!
Hirugarren jauzian etxeari so oihukatzen zuten “hazteria, kanpora!”

Etxe hartan bi familia bizi izan ziren. Bi kebidek halaxe adierazten zuten, etxeko egurrean eta errautsetan azaltzen zen bezala.
Agoteak, lurrik ezean, pilatuta bizi ziren. Bailarako ordenantza irakurriz, 1696koa (45. artikuluko 61. kapitulua) “…auzoko gehiago ezin daiteke sartu, ezta etxe berriak eraiki ere, auzokideen eskubideak ez badituzte aurretik, familia osatu asmoz…eta daudenak baina etxe gehiago ez daitezela Portu, eta auzokideak ez direnak, bertan bizi badira ere, ez zaie abererik onartuko, jateko besterik ez bada…”.
Nahi gabe bizilagun bihurtu nintzen, ez auzokide, eta nire bizimodua madarikatutako arrazaren parekoa zen. Eurak bezala artisaua, nire artelanak etxeko atarian gordetzen nituen. Garai batean txerrikume eta oiloak zeuden lekuan nire eskulturak, kameliadun loreontziak eta sua egiteko egurra jartzen nituen. Berez hazten ziren belar txar eta asunak kendu eta haien ordez larrosak, errododendroak eta hortentsiak landatu nituen. Etxe ondoan nuen lorategian hartzen nituen lagunak, garai batean ziurrenik, marjinazioaren seme-alaba kirasdunen jolasleku izan zen hartan. Mendeetan zehar etxeak sortutako enbarazu guztia ez du berehala barkatzen herriak. Bailarako lekuko gogaikarria zen eta kontzientzia txarra sortzen zien.
XIX mende amaieran agoteak onartu egin ziren dekretuz. Asko kanpora joan ziren, besteek euren eskubideen alde borroka egin zuten eta XX. Mendean gertatutako nahasteari esker apartheid harekin amaitu zen.

Bost urte neramatzan herrian bizitzen eta alkateak betan lo egiten ez nuen gau bakoitza zenbatu egiten zuela jakin nuen, erroldaketa ukatu ahal izateko. Zaborrontzia nire leihopean jartzeko asmoa zuela ere jakin nuen eta horretarako loretagiaren txikiziotik nekez bizirik iraun zuen mahats-parra kendu beharko zuen.
Egiaz, agotea izatea oso latza zen. Etxe eta bizilagun arteko elkarketa oso garesti izan zitekeen. Xenofobia errotuta zegoen bailaran.
Nire lagunei nire istorioak grazia egiten zien. Nire irudimenak sortutako istorioa zela uste zuten, oso surrealista zelako guztia. Hala ere bisitan etortzen jarraitzen zuten eta eurei eta nire familiari esker nire etxea defendatu ahal izan nuen.

HAU NAHIKOA EZ ETA…

2006ko udaberrian alkatesari idatzi nion, auzokideek nire enredaderak errespeta zitzaten, eta nire loreak etxaldean hazten ikusi nahi nituela ere eskatuz. Xenofobiaren bortizkeriak bizirik utzi zituen landareak zenbatu nituen eta zerrenda hartan hiperiko bat aipatzea ahaztu zitzaidan, baina berehala egin zuen berea landare hark ere.
Xenofobiaren gudariek, legearen arrasto guztiak agortuta, orain beste bide bati eutsi nahi izan zioten.
Goiz batean atso izutzaile haietariko batek bere baratzeko fruituak eskeini zizkidan. Etxeko egurrak hots berezia egin zuen gizon hura etxean sartzean. Etxeak, bere erara, abisua eman zidan. Judasek musukatzen ninduen lehen aldia ez zen izango. Traizioa zetorren atzetik. Handik pixka batera lagun batek notario bat etortzekoa zela esan zidan.
Honek guztiak aztoratu egin nituen eta bezperan izandako ameskaiztoa gogoratu nuen. Ameskaiztoan Udaletxeak iruzurra prestatu zidan. “Bailaran Artearen Bidea” izeneko programa batean parte hartzera bultzatzen ninduen, bisitak egiteko ordutegia zehaztuz. Hantxe azaltzen ziren nire estudio eta helbidea, lau asteburutan bisita egiteko aukera eskeiniz, ostiral, larunbat eta igandez. Programa hartan Udaletxeak bere erantzukizuna salbu uzten zuen “museo eta galeriek emandako datuen arabera” aipatzen zuelako. Nire etxea ez zen museoa, ezta galeria ere. Nahikoa zen auzoko baten salaketa udaletxea nire kontra hasteko. Nire atzetik zetozen. Halako itxurakeriak fikzio-zientzia zirudien, nire estudioa oso txikia zelako eta inoiz inolako ekintza komertzialik egon ez zelako. Ameskaiztoa erabatekoa izan zen: Udaletxeko kamioiak udaltzainez betetan zetozen, jantzi napoleonikoak soinean eta Marsellesaren musika airean. Nire atea bota, nire marrazkiak konfiskatuta eraman eta leihoak igeltsoz estaltzen zituzten, nire etxea leihorik gabe gera zedin. Inkisizio Santuaren garaian bezala nire marrazkiak, grabatuak eta liburuak erretzen zituzten. Eta ni arnasa hartu ezinik, keak itota…
Nire ameskaiztoak izanda ere banekien alkatesak ezin zuela halako azpijokorik onartu. Ezjakituna ez zen eta bailarako programa batean asteburutan bisitan onartzen zituela aditzera emateagatik ni salatzea oso gaiztoa litzateke, gaiztoa eta zatarra. Horixe bakarrik falta nuen.
Hau guztia buruan nuela etxean hotsa entzuten nuen, egur hotsa, eskarmentua hartuta zegoen. Nire etxetxo maitea! Hainbetse urtetan hainbeste eraso jasan zituen…Karteltxo bat jarri nuen: “BISITAK BERTAN BEHERA” ETA LASAITU EGIN NUEN. “Gure baimenik gabe ez da inor sartuko, lasai, aurrerantzean gure lagunek bakarrik gozatuko dute zure abegia” esan nion. Etxeak, eskertuta, irrifar egin zidala iruditu zitzaidan. Botak jantzi eta mendira joan nintzen.
Mendi bueltak lasaitu egin ninduen. Bailarako paisaia ederra, mendixka haiekin, sensualitatez gainezka, pubisaren gaineko venus mendixken itxura zuen paisana, bizitzaz bor-bor sentitzen zen paisaia.
Ilunabarrak inguratu ninduen. Han urrutian sorginak erratzen gainean hegan ikusi nituenean etxera itzuli nintzen, poliki, lehen egunetik goxo hartu ninduen etxe hartara.

1 comentario:

Pello San Millan dijo...

Harrigarria benetan historioa.
blog polita daukaza baita ere argazkiak eta arte lanak.
Komentatu nauzuna erdi aroko emakumezkoena (emanzazu denbora pixket) zerbait aurkitzen baldin badut komentatuko dizut
segi hola, lan ta lan lola